MOD MUGIMENDUA EUSKAL HERRIAN: (DOWN IN THE EGIA'S LURPEKO PASADIZOA AT MIDNIGHT)

person Idazlea: A. Caine list In: Artikuluak On: comment Iradokizuna: 0 favorite Jo: 245
MOD MUGIMENDUA EUSKAL HERRIAN: (DOWN IN THE EGIA'S LURPEKO PASADIZOA AT MIDNIGHT)

Donostiako mod eszenari buruz hitz egin behar badugu, ezinbestekoa da Egia auzoa aipatzea. Zonalde hori 80. hamarkadan periferiaren eta erdigunearen arteko zubi bilakatu zen, eta britainiar herentzia modernistaren testigua Javier Alonsok (Javier Sun lagunentzat) eta Los Scooters-ek harrapatu zuten.

Atotxako Zelaia Egiako Auzoan (1990)

Orduan, britainiar revival hura Javierren belarrietara iritsi zen, eta mobida hau hiriburuaren gazteriaren artean mugitzen hasi zen. Soinu beatlelinoak, British Invasion-aren ikonografia eta estetika… mugimendu berri honen freskotasunak punkien edo heavy-engandik bereiztea lagundu zuen Javi; kolorea eta dinamismoa eman zion bere estiloari.

Garaian, hiriko talde gehienek Amara auzoko lokaletan entsaiatzen zuten, eta soinu aldetik Javiren taldea besteengandik ezberdintzen zen arren, Los Patos taldea ere aipatu beharra dago.

Gazteria zonalde horietan ibiltzen zen, Peñafloridatik San Bartolomeko kaleetaraino tourrak eginez; diskoteketatik urruntzeak eta zaratara gerturatzeak gazte hauen izpiritua elikatzen baitzuen.

Los Scooters

Garai horretan, Easoko Mugimendu Modernista ez zegoen Euskal Herrian suertatzen ari zen biolentzia eta istiluetatik at, eta ,Kevin Sampsonen liburu bat izango balitz bezala, bere awaydays-ak izan zituzten (futbola kontzertuengatik ordezkatuz, noski).

Mod eszenarako funtsezko gertaera bat, "Brighton 64" Bartzelonako talde ezagunarekin batera Eriberrin (Nafarroa) emandako kontzertua izan zen. Bertan, Gasteizko peña Donostiatik zetorren jendeari batu zitzaion, eta esamesek diote bertan istiluak eta parka berdedun atxilotuak izan zirela.

Los Patos

Los Elegantes taldearen kontzertua ikusteko intentzioarekin jaitsi ziren easotarrak, baina azkenean edozein arrazoigatik madrilgoek ez zuten jo. Hiriko alde zaharreko taberna batzuetara iritsi eta handik ibili ondoren, Gasteizko Mod peñarekin batu ziren, ehun txamarra-luzeko armada bat osatuz.

Berotasun puntu batekin eta alkohola zela medio, Quadrophenia filmari omenaldi bat egin zioten eta "Mod-ak gara, Mod-ak gara" oihukatzen hasi ziren.

Halako baten, jebiak zonaldeko kantoi guztietatik irteten hasi ziren eta borroka handia sortu zen; azkenean, eta erdian jarri zen jendeari esker, bi kolektiboek bake ituna sinatu zuen pote batzuk hartuz.

Gasteizko Alde Zaharra

Gertakari horiez gain, Los Patos-en ibilbidea ez zen Los Scooters-en karrera bezala loratu, eta mod estetika eta jarrera quadrophenikoak alde batean utzita, garaian egin zuten ekarpen bakarra “Gipuzkoa Star 82” lehia-diskan ikus daiteke. Gerora Beltza Records-ek konpilatuko zituen beste hainbat abesti “Donosti Ya Huele” 10 hatzean.

Parafernaliari dagokionez, fanzineen garaiak ere baziren, mod testuingurura eraldatuta modzine bihurtzen zirenak. Javier Sunek sortu zuen horietako bat, La Respuesta izenekoa, garaiko bere neskalagunarekin batera. Bere asmoa eszena aurrera eramatea izan zen, konposatzea eta idaztea gauza bera ziren garai batean.

La Respuesta (1987)

Los Scooters 1984-etik 1990ra arte egon ziren aktibo, eta Javierrek hasitako ibilbide hau eten izan behar zuen sartzen ziren taldekide berriekin izandako desadostasunengatik. Gaur arte jarraitu du hainbat proiektuekin bakarlari bezala, baina azpimarratzeakoa da Plan B punk-rock taldeko “Mundu”-rekin osatu zuen Mod Time proiektua.

Gaur egun gutxiago ikusten dira Donostin mod emanaldiak, are gehiago pandemiak ekarritako tabernen itxierekin, Eiger sophisti-taska eta pureta modernista askoren tenpluarekin bukatu zuenean.

Badirudi gaur egungo kultura neoliberalak jendearen egunerokotasunean eragin duela, eta kolektibo eta antolakuntza-taldeen faltan, indibidualismo zoomerianoak soziopata hutsak bihurtzen gaituela.

Gure hiriko bi-hiru diska dendak ixten ez badira, eta hau kontatzeko bizi bagara, nork daki… akaso hamar urte barru norbait prest sentituko da testigu hori hartzeko eta zerbait berpizteko.

Eiger taberna

Iradokizunak

Ez daude iradokeizunak

Idatzi

Igandea Astelehena Asteartea Asteazkena Osteguna Ostirala Larunbata Urtarrila Otsaila Martxoa Apirila Maiatza Ekaina Uztaila Abuztua Iraila Urria Azaroa Abendua