MODA ETA FUTBOLA AULD REEKIE HIRIAN

person Idazlea: Mr. Parkas list In: Artikuluak On: comment Iradokizuna: 0 favorite Jo: 175
MODA ETA FUTBOLA AULD REEKIE HIRIAN

Auld Reekie ezizen maitekorra erabiltzen dute Edinburgoko biztanleek bere hiriari erreferentzia egiteko. “Tximinia ketsua” edo “tximinia zaharra”, hori da esanahia. Izen xelebre honek ematen digu eskoziarrek bere hiriburuarekiko duten mundu-ikuskeraren zantzua.

Antzinako hiria da, bizitzaz betea, milaka urteko erreinu honen hiriburua izan dena 1437. urtetik. Hiri bitxi hau UNESCOk gizateriaren ondare izendaturiko bi distritutan banatuta dago: Old Town eta New Town. Horien artean, Arthurren besaulkia (Arthur’s seat) izeneko mendi hutsa dago, hiriaren bihotzean, hiri hau benetan bitxia eta Europako beste batzuen ezberdina den seinale.

Edimburgo.

Askok William Wallacen istorioa ezagutzeko bisitatzen dute, eta beste askok Trainspottingen aurkitu ez zituzten erantzunak bilatzeko. Izan ere, horixe da Edinburgo: hiri kosmopolita, unibertsitateko ikasle drogazaleen gordelekua eta Erdi Aroko erresuma baten hiriburu historikoa. Eta ezaugarri horiekin guztiekin egiten du dantza gaur egun ere.

Eskozia bera etengabeko dualtasunean bizi da: protestanteak eta katolikoak, unionistak eta nazionalistak, Celtic eta Rangers... sentimenduak larruazalaren barruan gordeta dirauten leku horietako bat da. Mel Gibsonek zioen bezala: bihotz kementsuen azken gordelekua. Hiri honek Londres dauka, ordea, atezuan; lehen aipaturiko dualtasun hori baretu nahian. Izan ere, londrestarrek eskoziarrak beren sasi semetzat dituzte, bizitza ikusteko modu ez oso ortodoxodun oinordekoak.

Mendeetan zehar ingeles propagandak setiatu izan du, eta horrek ekarri du ia ezinezkoa izatea Eskozian Ingalaterrako edozein hiriren ezberdina den herririk. Horregatik, dualtasuna bigarren mailan geratu da; zerbait marjinala eta anektotikoa bilakatu da. Eta, lagunok, ez dago ezer futboleko harmaila bat baino marjinal eta anektotikoagorik.

Edinburgoko mendebaldean Tynecastle Stadium dago, Heart of Midlothianen etxea. Ehun urte bete dituen talde honek, guztion oroimenean geratuko den kartzela zahar bati zor diona izena, Walter Scotten eleberri bati esker. Elite protestantearekin zerikusia du taldeak, unionisten nolabaiteko konnotazioarekin. Bere futbol zelaiak argi eta garbi erakusten ditu balio zorrotz eta klasiko horiek.

Tynecastle Stadium.

Zorrotzak eta klasikoak dira, halaber, CSFko (Casual Soccer Firm) kabroiak. Heart taldearen firma ezaguna, eskoziar estadio guztietan hondamena eragin duena. “No Surrender” leloarekin eta unionisten bandera logo gisa, firma honek denboran izoztua dirudi eta balio klasikoei eusten die. Eta sinistu behar didazue: ez da batere atsegina Gerogeko haien pubaren gainean bizitzea, batez ere partida egunetan (esperientziagatik diot).

Casual Soccer Firm.

Leith auzoan, hiriko itsas distrituan (hemen grabatu ziren Traispottingen eszena gehienak) talde antagonikoa aurkituko dugu: Hibs-ak. Hibernians historikoa haren bizilagunen guztiz kontrakoa da: lursagarraren krisiaren osteko irlandar migranteek sortua, katolizismoaren, migrazioaren eta independentismoaren balioak mantentzen ditu.

James Connolly, errepublikar buruzagi ospetsuenetako bat, Hibsen jarraitzaile sutsua izan zen. Horrek ideia bat izatera garamatza, urteetan zehar taldeak izan duen izaera sozial eta politikoari buruz.

Hau izango litzateke, beraz, zure talde puta, Edinburgora joanez gero.

Easter Road Stadium.

Bere estadioa: Easter Road. Futbol-arkitekturaren miraria da; hutsik ikusgarria bada, imagina ezazu beteta. Harribitxi honetan CCSko (Capital City Service) mutilak dabiltza, Eskoziako hiriburuko hoberen jantziak.Firma zahar honek ospe handia lortu zuen munduan zehar, on tour zeudela molotov koktelak erabiltzen lehenak izateagatik (a zer animaliak!)

Askotan Glasgown besterik ez ditugu jartzen begiak, Old Firmak begirada guztiak bereganatu dituelako, eta badirudi gure futbolarekiko ezagutza soilik derby odoltsua osatzen duten bi klub horietara mugatzen dela. Baina, aizu, Eskozian dena ez da Glasgow. Edinburgo ere oso hiri interesgarria da harmailen mundua maite duen ororentzat: errealitate soziala eta eskoziar kultura islatzen duen Glasgow mini bat bezalakoa, baina ikuspegi eskuragarriago batetik.

Capital City Service.


Ez izan zalantzarik, hiri hau guretzat egina dago. Har ezazue pinta bat George inguruan igande batean, edo deskubritu ezazue Leithen dagoen gaueko bizitza, non lokalen azpialdeak teknoa entzuten den leizeak bilakatzen diren eta denetarik kontsumitzen den Hibsen abestiak abesten diren bitartean. Benetan, Edinburgok ez dio Glasgowri batere inbidiarik izan behar.

Mr. Parkas Edimburgoko zelairen batean.

Iradokizunak

Ez daude iradokeizunak

Idatzi

Igandea Astelehena Asteartea Asteazkena Osteguna Ostirala Larunbata Urtarrila Otsaila Martxoa Apirila Maiatza Ekaina Uztaila Abuztua Iraila Urria Azaroa Abendua