PANIC ON THE PUBS OF BIRMINGHAM

person Idazlea: J. Bickle list In: Artikuluak On: comment Iradokizuna: 0 favorite Jo: 1730
PANIC ON THE PUBS OF BIRMINGHAM

Birmingham, Ingalaterrako bigarren hiria biztanle kopuruari dagokionez, Londres artxiezagunaren atzetik.

Antzina, mila lanbideen hiria edo Europako fabrika zeritzon jendeak. Gaur egun, hainbaten ustez, Peaky Blinders telesailagatik edo Black Sabbath taldeagatik da ospetsua. Hala ere, baditu beste zenbait erakargarritasun, hala nola, futbol taldeak (Aston Villa eta Birmingham City) eta hauek inguratzen dituen guztia: Balti kurria, 50 km-tik gorako kanalak, langile izaera eta, nola ez, pubak. Azken horietan oinarrituko dugu artikulu hau.

Pubak, pub bedeinkatuak. Hainbeste debozio sortzen digun kultura ingelesaren zati hori. Oraindik ere tinko dirauten leku horiek, horietako hainbat duela mende askotatik. Etxe orratz handiak, janari lasterreko kateak eta gentrifikazioa nagusi den garaiotan, bizirik jarraitzen dute. Eta, momentuaren arabera, eguneroko bizitzaren estresean bake-oasi izan daitezke, edo adrenalina eta desfase plus hori estadiora iritsi aurretik.

Hirira egindako bisita aprobetxatuz, gida turistikoetan topatuko ez dituzuen gomendioen zerrenda utziko dizuet hemen. Aipatu behar dut zerrendaren ordena ez dela lehentasunezkoa.

1. The Queens´ Arms (150 Newhall St, Birmingham)

Hiriaren erdigunea eta Jewelry Quarter mendiaren artean dago The Queen’s Arms. Urrunetik ematen du atentzioa, granate koloreko fatxada eta ukitu urreztatu eta zuriekin. Barnean ere gauza bera: kolore granate eta urreztatuak zurezko zoru batekin, hitz egingo balu… munduko denbora guztia emango nuke gordetzen dituen istorioak entzuteko. Garagardoei dagokienez, ohikoa den bezala, hainbat txorrota daude, horietako 5 Cask, eta beste batzuk ohikoak bihurtu diren zenbait garagardorekin, hala nola Beavertown, Guinness...

2. Tap & Spile (16 Gas St, Birmingham)

Kanaletatik paseatzen baduzue, Tap & Spile aurki dezakezue. Bere adreiluzko fatxadak, urrezko letrrek eta kanal ondoko mahaiek edonor engainatzen dute, eta nik, horrelako gauzekin konbentzitzen erraza naizenez, amua irentsi nuen.

Barrualdeak ere konkistatu ninduen, beraz, pare bat garagardo hartzeko aprobetxatu nuen: Thornbridge Twin Peaks eta etxeko bitter bat, biak cask motakoak eta zoragarriak.

3. The Craven Arms (47 Upper Gough St, Birmingham)

Hiriaren erdigunean eta interes bereziko eremuan ez dagoen arren, niretzat bisita derrigorrezkoa da. Askotan izan da Birminghameko pub onenen artean finalista, CAMRAren arabera. 2023An zilarrezkoa lortu zuen.

Lauza hori-urdinez beteriko paretak, beirateak, loreak, argiak… ikuskizun bisual ezin dotoreagoa.

Azken bisitan, tabernaren jabe beteranoak aholkatuta (bete-betean asmatu zuen aukeratutakoekin), inguruko real ale batzuk dastatu genituen, eta arratsaldearen zati handi bat pasa genuen bere lokalean. Bere “Holidays in Birmingham? Why?” horrekin geratu ginen. Berak, izan ere, brummie askok izaten duten sentimendua erakutsi zigun: haien irian ez dagoela bisitatzera joateko bezain gauza interesgarririk, alegia.


4. The Old Crown (188 High St, Deritend, Birmingham)

St. Andrew’s, Birmingham City FCren estadiora bidean, Digbeth auzoan, hain zuzen ere, The Old Crown puba dago, Birminghameko eraikinik zaharrenetarikoa eta hiriaren momentu historiko ugari bizi izan dituena. Jendeak dio eraikina 1368. urtekoa dela, eta egurrezko egitura zuri-beltza mantentzen duela, nahiz eta egungo eraikinaren ia gehiengoa XVI. mendearen hasierakoa izan.

Sartzean, Birminghameko zaleen topagunea dela ikusi genuen, eta prebia haien artean egin genuen.

Garagardo txorrotak etengabe ari ziren lanean, Barbour, Adidas eta Stone bezalako marken desfile betean, oihuz eta kantuz lagunduta (batzuetan deszifraezinak, esan behar dugu).

Hiria bisitatu nahi baduzue eta partidu aurreko martxa pixka bat nahi baduzue, hau eta Roost zuen lekuak dira.

5. The Garrick Inn (25 High St, Stratford-upon-Avon)

Trenez 50 minutura, Stratford-upon-Avonen, Shakespeare jaiotzen ikusi zuen herri xelebrean, The Garrick Inn dago. Pub hau, bere fatxada ikusgarriagatik, argazki gehien ateratzen den herriko tokia bihurtu da. 1718. urtekoa da, gutxi gorabehera, eta Tudor estiloko eraikin batean dago. Giro atsegina eta real ale ugari haien artean aukeratzeko. Beharbada zerrenda honetako toki turistikoena da, baina merezi du joatea.

Beste zerrenda bat egin liteke kanpoan geratu diren pubekin, baina ez ditugu behar adina zapaldu. Artikulu honen bigarren zatirako ahalegina egingo dugu.

Artikulu hau bitter punta batekin irakurtzea gomendatzen da, UB40ren Food For Thought entzuten duzuen bitartean.

Welcome to Brum!

Iradokizunak

Ez daude iradokeizunak

Idatzi

Igandea Astelehena Asteartea Asteazkena Osteguna Ostirala Larunbata Urtarrila Otsaila Martxoa Apirila Maiatza Ekaina Uztaila Abuztua Iraila Urria Azaroa Abendua