RECOMENDED BY DOTORE

person Idazlea: Mr. Dotore list In: Artikuluak On: comment Iradokizuna: 0 favorite Jo: 153
RECOMENDED BY DOTORE

Pertsona batek baino gehiagok hurrengo gomendioa egin ondoren, asteburu lasai baten etorrera aprobetxatu nuen (lasaitasuna baita gehien baloratzen dena) sofan etzateko, txerrikeriaren bat hartzeko eta 24 Hours Party People ikusteko. Baliteke bati baino gehiagori Happy Mondays mancuniarren kanta mitikoa burura etortzea. Gaur 3 gomendio ekarriko dizkizuegu, ezinbesteko 3 ikus-entzunezko dokumentu, zalantzarik gabe zuen bizitzako uneren batean ikusi behar dituzuenak. Horiek guztiak Ingalaterrako iparraldean girotuak izatea kasualitate hutsa da.


24 Hours Party People


“Batez ere, Manchester maite dut, biltegi hondatuak, trenbideko zubiak, droga merkeen ugaritasuna. Azkenean, hori izan zen erabakigarria, ez dirua, ez musika, ezta armak ere, hori da nire akats heroikoa, nire gehiegizko harrotasun zibikoa.”


Benetako gertaeretan oinarritutako filma. Factory Recordsek, bere garaira aurreratutako diskoetxeak, gainbeheran zegoen Manchester goren-gorenean kokatzen amaitzen du, hiriko frenesia gauaetan bizi den artista-olatu berriari esker.


Tony Wilson ameslariak, konpainiaren sortzaileak, ezagutuko ditu eszena berri hau osatuko duten bandak: Joy Division, New Order, A Certain Ratio eta azkenik Happy Mondays, Madchester hutsa eta Rave musikaren hasiera.


1976tik 1992ra arteko ibilbide horretan ez zen sexurik, drogarik eta Rock and Roll-ik falta, dirua egiteko makina bat izan zitekeenaren, Haciendaren, kudeaketa tamalgarri baten historiarekin batera. Duela denbora bat Manchesterreko lokal mitiko honi buruz hitz egin genuen. Artikulu hau oraindik irakurri ez baduzue, begirada bat ematera gonbidatzen zaituztegu.


Buzzcocks, Sex Pistols, The Jam, The Clash…entzun daitezke filmean zehar.

the hacienda manchester

The Hacienda filmean.


Supersonic


Oasisen Shakermarker entzuten da, Noel Gallagherrek galdera batzuei erantzuten dien bitartean:


“Talde batean gaude, futbolak mugitzen gaitu, drogak gogoko ditugu eta neskak eta gainerakoak ezagutzea ere bai, you know what I mean? Ez dugu idatzi den ezer ez ukatuko. Idatzi nahi baduzue, bale, gure musikak denboraren joanari eutsiko dio, hori horrela da. Hedabideetako arreta guztia eta guri buruz diotena: urtebetean hilda egongo garela, gutaz ahaztuko direla... Ateratzen ditugun diskoak dendetan egongo dira beti.”


Dokumentalen dokumentala, Britpopeko erregeen ibilbidea; Supersonic taldearen sakonean barneratzen da. Kasu honetan ere istorioaren amaiera badakizue, Irlandako etorkinen seme diren bi anai gaztek Longshiteko (Manchesterreko auzo pobrea) kaleetan bereak egiten hasi zirenetik, goi-goian zeudela ziruditenean kolpeka amaitu zuten arte. Ez galdu euren lehen urratsak, diskoak, birak, bandaren gertuko jendeari egindako elkarrizketak, drogak, iskanbilak…


Ezaguna egiten zaizue Amsterdamera zeramatzan Ferryaren istorio ospetsua? Liam eta Noel behar baino gehiago horditu eta ziegan amaitu zuten, West Hameko hooliganekin istilua izan eta gero. Bai, horretaz ere hitz egiten dute.

Liam Noel Gallagher

Superconic anaiak.


The Virtues


Pub bateko eszena: Joek Guiness-ari normala ez den trago bat ematen dio.


“- Ana, etorri egin behar duzu.
- Jesus Carl, oso basatia dirudi laneguna izateko.
- Oraintxe etorri behar duzu, hemen behar zaitut.
- Ni behar nauzu? Zertarako?
- Zure anaia. Erotu egin da.
- Entzuten dudana bera al da?
- Bai, zatoz zure anaia jasotzera eta eraman ezazu hemendik, bestela polizia bila etorriko zaio.”


Ezbairik gabe, Stephen Grahamen oso zale sutsuak gara. Zer nolako modua daukan Joe interpretatzeko, bere iraganagatik atsekabetutako gizona, alkoholean eta drogetan babesa bilatzen duena. Familia bat osatzeko proiektuan porrot egin zuen aita izateaz nazkatuta, Liverpool atzean utzi eta bere jatorrira itzultzea erabakitzen du, Irlandara, non haurtzaro ez oso ohikoa igaro zuen eta bere arrebarekin berriz elkartuko den.

Beste behin, Shane Meadows zuzendariak bizitzaren gordintasuna islatzen du. Barkamenari eta familiari buruzko istorio magistrala, sabelea ostiko bat jasotzea bezain zuzena.

4 kapituluko minitelesaila, inor axolagabe utziko ez duena; benetako artelana.

Stephen Graham, The Virtues

Joe, The Virtues.

Iradokizunak

Ez daude iradokeizunak

Idatzi

Igandea Astelehena Asteartea Asteazkena Osteguna Ostirala Larunbata Urtarrila Otsaila Martxoa Apirila Maiatza Ekaina Uztaila Abuztua Iraila Urria Azaroa Abendua