ZURE IDEIA DISEINU BATEAN ISLATZEA: LOGO ON BATEN GARRANTZIA II
1.- BARACUTA: FROM COTTONPOLIS
Baracuta Manchesterren jaio izana ez da kasualitatea; izan ere, XIX. Mendean eta XX, mendearen hasieran, Manchester Cottonpolis izenez zen ezaguna, planetako ehungintzaren hiriburua. Hor aurki zitezkeen ehun-fabrika garrantzitsuenak, kotoia tratatzeko laborategiak eta, nola ez, irutearen aditu handienak. Miller anaiek sortu zuten 1937an, eta haiek ez zuten aristokraziarentzat diseinatzen, Londreseko markek ez bezala; haiek langileentzat diseinatzen zuten.
Manchester ez da hiri dotorea: hiri grisa da, euritsua, glamourrik gabea. Baracutaren jaiotzak haizetik eta euritik babesteko benetako beharrari erantzuten zion, eta, beraz, langile klasearen sinbolo bilakatu zen tresna bat dugu aurrean. Eta are gehiago G9 Harrington Jacketari buruz hitz egiten badugu, denok ezagutzen dugun jantzi ikoniko horri buruz, beraz, ez da harritzekoa mod-ek, skinheadek, kasualek edo britpoperrek bere egin eta errebeldiaren ikur bihurtzea.
Eta logoa? Zein izan da haren zure bilakaera urteetan zehar?
Lehen urteak: ikuspegi funtzionala
Lehenengo hamarkadetan, Baracutak ez zuen logo deigarririk. Jaken etiketak funtzionalak ziren nagusiki, markaren izena, produktua eta jatorri britainiarra adierazten zituen testu bakunarekin. Ikuspegia gehiago zegoen jantziaren kalitatean, markaren irudian baino.

Armarria eta koroa (60-70 hamarkadak)
G9ak mugak zeharkatu zituen eta marka nazioartera zabaldu zen; orduan hasi zen Baracuta bere identitate bisuala sendotzen. Armarri heraldikoan oinarritutako logotipoa sartu zen, erdian "B" letra estilizatua zuena, eta armarriaren gainean koroa bat. Diseinu horrek britainiar leinuari egiten zion keinu, eta itxura klasiko eta dotorea ematen zion.
%20(1).jpeg)
60ko hamarkadan, Manchesterreko enpresak Ingalaterrako selekzioaren gabardinak ere egin zituen, Munduko Koparako, beranduago irabaziko zutena. Une horretan, halaber, Hollywoodeko izarrak eta artista handiak marka janzten eta munduari erakusten hasi ziren.

Egungo logotipoa
Baracutaren logo modernoak armarria eta koroa mantentzen ditu, baina diseinu finago eta simetrikoagoarekin. "B" letrak erdiko tokia hartu du, azpian "Baracuta" hitza duela, tipografia dotore eta geometrikoan. "Manchester 1937" hitzekin batera agertzen da, markaren ondarea indartzen duena.
Ezaugarri grafiko argia: tartana.
Manchesterreko markaren ustez, logoa ez da elementu bisual nabarmenena izan; bere benetako sinboloa Fraser tartan forroa izan da eta da oraindik: horri esker ezagutzen ditugu haien marka eta jantzi ikonikoak.
.jpeg)
2.- AQUASCUTUM
Baracutak ez bezala, Aquascutum XX. mendearen hasieran jada erregetzaren ikur britainiarra zen; izan ere, Galesko Printzeak Errege Agindu bat eman zion markari, eta, horren ondorioz, Koroarekin zuzenean lotuta zegoen. Gainera, funtsezko papera jokatu zuen Lehen Mundu Gerran, lubakietara ondo egokitutako trench coat edo gabardina sortu baitzuten.
Hori guztia John Emary markaren sortzailearen funtzionaltasun bilaketa nekaezinaren emaitza izan zen. Izan ere, izenak bakarrik asko esaten digu: Aquascutum, latinezko hitzak "uraren aurkako ezkutua" esan nahi du. Burberryk bezala, 1851n sortu zenetik, John Emaryk, arropa dotoreaz eta euri-egunetarako alferrikako beroki astunez nekatuta, funtzionaltasuna bilatu zuen garaiko britainiar estilo dotorean.
.jpg)
Lubakietatik pasareletara: soldaduak gerratik itzuli ahala, jendeak erosi nahi zuen heroismoaren eta abertzaletasunaren ideia bat zegoen, eta, beraz, Aquascutum markako gabardina janztea nobleziaren ikur bihurtu zen.
Duela urte batzuk Isabel II.a hil zenean, figura britainiar askok jendaurrean doluminak agertu zituzten; tira... badakizue nolakoak diren ingelesak. Gauzak horrela: nola uler daiteke testuinguru hartan hooligan ingelesek Aquascutum aukeratu eta kasualentzat marka funtsezkoenetakoa bihurtu izana? Bada, dena 80ko hamarkadan gertatu zen; langileak, Thatcherrek eta bere gobernuak behin eta berriz umiliatuak eta gutxietsiak izateaz nekatuta, goikoen markak bereganatzen hasi zirenean. Zentzugabea dirudi, bai, baina matxinadaren sinboloa izan zen orduan. Langile klaseko mutil hura, astelehenetik ostiralera inor ez zena, "Saturday Heroe" hutsa sentitzen zen asteburua iritsi eta talde aurkariaren jarraitzaileekin aurpegia hausteko asmoz galaz janzten zenean. Aquascutum batekin, zale haiek oharkabean pasatzen hasten ziren, eta, horrekin batera, gizarteak gehiago onartzen zituen. Gainera, ederragoak ateratzen ziren CCTVetako highlightetan.

Horrek guztiak oihartzun handia izan du jantziak egokitzeko garaian, urteak joan ahala, baita enpresak erabilitako logoen bilakaeran ere.
1950era arte, Aquascutumek ez zuen logorik; bere ehunen kalitate eta teknologiagatik eta Koroaren hornitzaile izateagatik nabarmentzen zen. Garai hartako publizitate-iragarki batzuetan tipografia desberdinetako izena bereiz zitekeen, baina berez ez zeukan logorik.
Orduan zabaldu zen marka nazioartera, eta konpainiak mugak gurutzatuko zituen logo bat diseinatzeko beharra ikusi zuen. Armarri heraldikoa sortu zuten tipografia klasiko baten ondoan, eta horixe da etiketetan ikus dezakeguna, baita gaur egun ere.

80ko hamarkadan, gauzak aldatu egin ziren, eta modaren munduak norabide argia hartu zuen streetwear, minimalismo eta kirol-arroparantz. Ordura arte, Aquascutum Ingalaterra zaharraren ikurra zen: janzkera formalegia, aitonaren arropa. Hurrengo hamarkadetan, armarria traba egiten hasi zen, eta markak garai berrietara egokitu behar izan zuen, mende hasieratik berekin zeraman pisu aristokratiko hori kentzeko.
Mende aldaketarekin batera, markak Aquascutum hitz soilarekin geratzea erabaki zuen: tipografia garbia eta kolore zuribeltzak.
Aquascutum Active
Nortasun berri baten sorrera. 2024an, Aquascutumek pauso arriskutsua baina beharrezkoa eman zuen.
Itxura aristokratiko hori alde batera utzi eta kaleetan sartu zen bete-betean. Markak ondo ulertzen du gazteek Aquascutuma bereganatu dutela, eta haien komunitatea orain arropa funtzionalagoa eta teknikoagoa behar duen jendea dela. Eta hori streetwear egiteko apustu garbia da. Konpainiak harro erakusten du sareetan bere arropa hooliganek janzten dutela; horren erakusgarri da duela gutxi Calling The Lads izeneko kanpaina.


Logoa asmo-adierazpen hutsa da. Aquascutum, Baracuta bezala, bere Club Check horri esker bereizten da: bufanda, txapel, alkandora... guztietan ikusi ditugun koadro mitiko horiek. Orain logoan ere erabiltzen da, tipografia modernoago bat eta konposizio sinple bat, garai berrietara ondo egokitua.

Iradokizunak
Ez daude iradokeizunak
Idatzi