UNBOWED, UNBROKEN

person Idazlea: The Dark list In: Artikuluak On: comment Iradokizuna: 0 favorite Jo: 164
 UNBOWED, UNBROKEN

Agindutakoa zorra da, eta hobe berandu inoiz ez baino.

Nire lagun zahar eta kronikaren bateko protagonista izandako Frasko Txikirekin, Irlanda iparraldeko hiriburura egin beharreko bidaiaren zain dagoen “artikulu” bat. Aste Santua beti da une egokia Belfast bisitatzeko eta hara abiatu ginen.

BEAL FEIRSTE

Makurrezina, menderaezina. Irlanda iparraldeko hirietako langile auzoetan dabilen edonork sentituko du giroan.

Ia 30 urteko bake prozesuaren ondoren, bertako herritarren nortasunak eta izpirituak tinko jarraitzen dute. Hiriko langile auzoek zatituta jarraitzen dute, ia beti murru garaien bidez, errealitate paraleloa simulatuz.  Auzo lealista britainiarretako kolore urdin, gorri eta zuriak eta Erresuma Batuko banderak, auzo nazionalista-errepublikanoetan hirukote irlandar eta kolore berde nagusi bihurtzen dira.

Belfastez eta bere idiosinkrasia hunkigarriaz ari gara. Bere edertasunagatik eta modernotasunagatik barik, bere auragatik, izaeragatik, historiagatik eta jendearen nortasunagatik harrapatzen duen hiria.

The best in the West

What 's the craic? galdetu du Falls Roadeko mutiko batek, Belfast mendebaldeko arteria eta hiriko auzo nazionalista-errepublikar irlandar nagusian. IRAren eta hainbat talde armatu errepublikarren gotorlekua gatazkaren garairik gogorrenean. Kaleetan eta etxeetako hormetan, garaiko horma-irudi ospetsuenak daude oraindik, eroritakoen aldeko oroimena eta borrokaren eta garra bizirik mantentzen dutenak. Komunitate oso batek herrikideei eskeinitako aitortza, "boluntarioei", Irlanda batu baten eta etorkizun duinago baten alde bizitza eskeini zuten horiei.  Nazioarteko borroka ezberdinek badaukate lekua ere hormetan, Euskal Herriko edo Palestinako herrien askatasunak adibidez.

Mural erraldoiek, bandera irlandarrek, palestinarrek eta ikurrinen batek edo bestek kolorea ematen diote berez monokromatikoa eta uniformea den auzoari. Teilatu beltzeko eta adreiluzko etxe baxuen ilara amaigabeek, irudi ezin hobea dira nazio eta klase nortasunak bere horretan jarraitzen duela deskribatzeko.

Kalez kale zabiltzala, Glasgowko Celtic-eko dozenaka kamisetekin egingo duzu topo, Premier-eko talde ezberdinetako gutxi batzuekin, eta baita gure atentzioa deitu zuten kirol gaelikotako talde ezberdinen jantzi koloretsuekin (GAA), bertakoentzat benetako identitate-zeinua direnak.

Aste Santua hiria bisitatzeko garai ona dela esaten nuen, Irlandaren aldeko borrokan eroritakoen omenezko martxak ospatzen baitira, eta haiek solemneki gozatzeko aukera izan genuen.

Ez da West-a euskaldunok ongi etorriak garen eremu bakarra; New Lodge, Short Strand txiki eta erresistentea edo Ardoyne errebeldea bezalako auzoak ere bisitatu ditzakegu anaitasunezko giro hori arnasteko.

The worst in the West

Horma luze eta altu batek bi errealitate paralelo banatzen ditu auzo batetik bestera. Errepublikanotik lealistara. Irlandako banderetatik britainiarretara eta palestinarretatik israeldarretara.

Israelgo bandera batek zer zentzu daukala Belfasten? Politikoki zuzenak izanik, gizarte unionistako sektore jakin baten ezgaitasun kognitiboarekin lotu dezakegu. Nire etsaiaren etsaia nire laguna da. Sinplista, baina bere logikari aplikagarria. Horri, eta haien kontzientzia kolonialista eta supremazistari.

Shankill  auzoaz ari gara, baina dinamika hau hiriko beste auzo unionista-lealistetan ere erreproduzitzen da. East-ean, Village edota Tigers Bay-en.

Auzo hauek hesiaren bestaldekoak bezain monokromatizatuak dira, berdin prekarizatuak, gehiago ez bada, eta aurrekoen identitate-sentimendu (britainiarra kasu honetan) eta klase-sentimenduarekiko irmotasun berbera daukate.

Shankillen Isabel II.a erreginaren irudiaren garrantzia bizkor antzeman daiteke baita Union Jack-arena izkina guztietan ageri delarik. Hemen ere muralak aurkitu daitezke, gehienak komunitate hontako eroritako kidee eta talde paramilitar ezberdinen omenez. 

Gune unionistetan ere futbola oso jarraitua da, kasu honetan nagusitzen den taldea Glasgowko Rangers taldea da. Haren zaletuen “jarraitzaile klub” ugari aurkitu daitezke auzo hauetan. Gu han geundela ELko final laurdenetakoa galtzea tokatu zitzaien. Pena bat.

BEERS, MUSIC & FOOTBALL

Baina Belfast muralak, gatazka eta banaketa etniko-politikoak baino gehiago da.

Belfast ontzigintzaren historia da; zamaketariak, grebak eta langileen borrokak, Harland&Wolff eta Titanic. Lanbro humelaren azpian lan egin ondoren etxerako bidean berriz ere bustitzea da.

Pub barrenetako zuzeneko musika da. 

Haien trebezietan trebeenak izan direnen hiria da. Van “The Man” Morrison edota George Best apartaren hiria. 

Punkaren historia ere bada hiri hau. Han jaio ziren Stiff Little Fingers taldea eta haren errebeldia, Rudiren punk soinu melodikoak eta Derryko The Undertones talde handiak haien lehen pausoak emango zituen Good Vibrations zigilua ere. Ezin ditugu Runnin’ Riot eta haien generazio galduari eskeinitako abestiak ahaztu edo oraintsuago ezagunak egin diren Kneecapeko gazteak, Falls gunekoak, haien hip-hop protestarekin Palestinako genozidioaren salaketaren bozeramaile egin direnak.

Support your local football team

Belfasten ere Celtic eta Rangersetik haratago badago futbola.

Hiriaren iparraldean sortu zen Irlandako futbol talderik zaharrena, Cliftonville Football and Athletic Club, 1879an sortu zena. Haien futbol zelaia gune errepublikar eta lealisten arteko interfaze guneetan aurkitzen da. “Gorrien” jarraitzailek komunitate irlandar nazionalista/errepublikar jatorrikoak dira eta gaur egun komunitate hau ordezkatzen duen talde handiena da. Zeren bai, futbola ere, gizartearen zati handi bat bezala, banatuta dago.

Linfield taldea da komunitate britaniarrarentzat talde erreferente handiena, hiriaren hegoaldean kokatzen dena. Irlanda iparraldeko talde arrakastatsuena da eta Windsor Parken jolasten ditu etxeko partidak, Ipar Irlandako selekzioaren zelaia dena aldi berean. Historian zehar sektarismoz inguratuta egon den taldea da. Ezaguna da Linfieldeko jarraitzaile eta Rangers eta Chelseako HeadHuntersen arteko harremana, Blues Brothers deritzotena. 

Zatiketa etniko-politikoak hain markatuak izan arren, haien derbya Glentoran taldearen aurka da. Talde honek hiriko ekialdeko komunitate britaniarra ordezkantzen duelarik.

Futbolarekin lotutako anekdota modura Belfast Celtic taldea izendatu behar da. 1949an desagertutako taldea baina komunitate irlandarrean aztarna utzi zuena. Talde hau garaiko talde arrakastatsuena izaten ari zen, XX. mendeko lehen erdialdean. Falls Roaden zuen haren sedea, mendebaldean, eta komunitate irlandarraren harrotasuna zen, elite unionistaren status quo-ari aurre egiteko modu bat baitzen. Baina gizarte klasista, arrazista eta sektario guztietan gertatzen den modura, futbol talde soil bat baino gehiago, ipurdiko grano bat bilakatu zen eta azpijoko ezberdin eta gertakari biolento ezberdinak pairatu ondoren, irlandar komunitatearen taldea betirako desagertu zen.

A pint of Guinness, please?

Ta nola gustatzen zaigu guri musika eta futbola? Ba garagardo batzuekin.

Euria baino irlandarragoa den zerbait baldin badago, hori Guinnessa da. Eta lagun batek esaten duen moduan “bertan, bertakua”.

Belfasten aspertzeko haina pub daude eta ez nuke nahiko gida turistiko bat egin. Baina nahiataezkoa da adibidez Kelly’s Cellars bisitatzea. 1720an sortua, hiriko zaharrenetakoa. Bertan XVIII. mendean elkartzen zen Irlandarren Batasuna (United Irishmen) 1798ko irlandarren matxinada prestatzeko. Bisita batek merezi du, bere historiagatik, bere estilo klasikoagatik eta nola ez, bere Guinnessagatik. Izkina doblatzean  Madden’s taberna aurkitu daiteke, gatazkaren urte gordinenetan bombardeatua izan zena, beste hainbat bezalaxe. Bertako gertutasunezko giroa topatuko dugu han. Eta inguruko garagardo artisauak dastatzeko Sunflower taberna aukera ona da, bertara sartzkeo 80ko hamarkadatik dagoen metalezko segurtasunezko hesia gurutzatu behar delarik. Falls Roadetik bazabiltzate Red Devilen pinta batzuk hartzera merezi du, pixka bat etxean bezala sentitzeko.

Hauek hirian zehar dauden hamarnaka pubetatik bakar batzuk dira. Ziur egongo direla beste asko ere pena merezi dutenak. Baina Belfasten benetan merezi duena, auzoak goitik behera zeharkatu ostean pinta on batekin taberna batean eseri eta bertakoekin haiek bizitakoez eta ikusitakoez solastea da, makurtzen ez den hiri baten eta menderatu ezin den izpiritu baten historiaz solastea.

Tiocfaidh ár lá!

Iradokizunak

Ez daude iradokeizunak

Idatzi

Igandea Astelehena Asteartea Asteazkena Osteguna Ostirala Larunbata Urtarrila Otsaila Martxoa Apirila Maiatza Ekaina Uztaila Abuztua Iraila Urria Azaroa Abendua