IVANEKIN ELKARRIZKETA: VACACIONES PERMANENTES

1. Vacaciones Permanentes Ivanen proiektua da, Salamancako gazte bat, eroso sentiarazten duen soinu distopiko eta industrial bat aurkitu duena. Baina zer entzuten du Ivanek kaskoetan lanera doanean?
Johnny Cashen American Recordings entzuten ibili naiz berriro ere azken aldian, primeran datorkit egun gris hauetarako. Morphine ere berraurkitzen ari naiz, Visiren errua (El Cambalache, Espainiako Estatuko tabernarik onenaren jabea, edo hori dio behintzat Cordobadok bere autobiografian). Eta aurtengo artistei dagokienez, Alizzzen azkena eta Barry Bren lehen diskoari ari naiz bueltak ematen.
2. Everlasting Records diskografikak kaleratu du zure diskoa plataforma guztietan. Ezaguna dugu guztiok zeintzuk diren mundu digitalaren trabak; zer moduzko tratua izan duzue XXI. mendean horren errotuta dagoen diskoetxe batekin?
Ba, oraingoz, oso ona. Aldaketa handia izan da niretzat lanaren atzean bulego bat izatea. Orain arte, dena bakarrik egiten nuen, eta, noski, horrek zenbait gauza zailtzen ditu. Orain esku eta buru gehiago daude lanean, eta oso modu eraginkorrean dago banatuta beharra. Horrez gain, oso berezia da niretzat horren zigilu bereziarekin aritzea, talde oso finekin lan egin baitu; beste batzuen artean Guadalupe Plata (nire talde gogokoenetako bat), Los Punsetes, Lagartija Nick...
3. Diskoaren masterizazioa Nick Robbinsek egin du, Sound Masteringekoak; Londresko ekoizle ospetsua, The Zombies, The Charlatans edo The Poguesekin lan egin duena, besteak beste. Zein da zure balorazioa obraren emaitzari gagozkiola?
Niri, egia esan, gogor jartzen zait pentsatzean Nick Robbinsen mailako ingeniari batek lan egin duela disko honetan. Zaila da zure liburutegian ez edukitzea tipo honen eskuetatik pasatu ez den diskorik. Amets bat. Esan behar dut, halaber, diskoaren azken fintze lanetan J.M Rosillo handiaren grabazio eta nahasketak sartu zirela. Sekulako ohorea.
4. Diskoaz ari garela, Cegado por la Luz abestia da lan osoaren leitmotiv-a. Opera prima bat, soinu sutsu eta zaratatsuz betea. Nola sortu zen abesti honen ideia? Uste zenuen orain zauden lekura irits zintezkeela berarekin?
Abesti honen ideia oso istorio berezi batetik dator: normalean sormen prozesu bat izaten dut, non gaiaren kontzeptuarekin musika baino lehen lan egiten dudan, edo alderantziz, baina inoiz ez batera. Kasu honetan, ideia aldi berean sortu zen: musika, letra eta makinaren erritmo elektronikoen integrazioa, oraindik erabiltzen ez nekiena. Abesti hau izan zen nire soinu berriaren mugarria, bi munduak modu naturalagoan integratu zituena. Hortik sortu zen proiektu hau kantu gehiagorekin eta etorkizun batekin egia bihurtzeko beharra.
Zure bigarren galderari erantzunez, niretzat abesti hau single argia zen; soinu txartel batean grabatu genuen lehena izan zen, oso etxekoa, eta tokiko lehiaketa batean aurkeztu genuen, dirua lortzen eta grabazioa finantzatzen saiatzeko. Anekdota gisa, aitortu behar dut aurre-aukeraketa ere ez genuela pasatu eta diskoa grabatu ahal izateko gitarra bat saldu behar izan nuela. Goian bego.
5. Vacaciones Permanentes diskoak, ez bandak, soinu biribila dauka, baina zati ezberdinak ere baditu. Ba al dago alderik LParen lehen eta bigarren zatiaren artean, sormen prozesuari dagokionez?
Galdera ona... Ez dakit zer ostia esan. Kanten ordena erabakitzeko hainbat aukera mahaigaineratu genituen, eta horietatik hamargarrena aukeratu genuen, beraz, pentsa... Ez dago konposizioaren ordena kronologikoaren islarik. A posteriori, uste dut bigarren zatiak denbora gehiago hartzen duela, psikodelia pixka bat gehiago dagoela eta agian hobeto egokitzen zaiola post punk etiketa. Lehenengoak erreferentzia rockanrolero gehiago ditu eta zuzenagoa da egiturekin. Azken abestiak, hori bai, ondo laburbiltzen du diskoaren eta proiektuaren kontzeptua, nire ustez.
6. Hainbat influentzia mota daude LP osoan zehar, baina horietako bat aukeratzeko eskatuko dizut: zein izan da zuretzat inspirazio-iturri handiena?
The Killsen lehen hiru diskoak; erritmo kaxa, gitarra, ahotsa eta rock and rollaren sentsualitate basatia.
7. Filosofiaren munduan bete-betean sartuko gara orain. Existentzialismorako eta nihilismorako joera argia daukazu, ezaugarri duzun kostunbrismoaz gain. El Tarot kantuan, adibidez, “Cada día parece igual, puede ser que haya sido el final” bezalako esaldiak aurkitu ditzakegu. Ivanek ba al du idazteko joera filosofikorik?
Ez dakit joera filosofiko nabarmenik dagoen, baina argi daukat, garai honetako azken disko askotan bezala, nire lanak baduela zerbait post pandemiatik. Garai hura putzu trinko puta bat izan zen, eta orduan erabaki nuen besteei buruz idazteari utzi eta nitaz hitz egitea abestietan. Gris gehiago aurkitu nituen, eta ordutik zailagoa egiten zait etiketa batekin edo bestearekin zehaztea eta sinplifikatzea.
8. Badakizu We are Dotoren extrarradioetako fashion biktimak garela. Zer jantzi ezin zaio falta Ivani armairuan?
Tipo klasikoa naiz: Levis 501 prakak eta Dr. Martens 1461 zapatak. Gainera (eta hau zuei bereziki gustatuko zaizue) armairua parkaz betea daukat.
9. Gure blogean biziki maite dugu estilo britainiarra, eta UKen egungo eszena benetako bitxiak ematen ari da. Etengabe entzuten ari zaren Albion Zitaleko bandaren bat?
Azken aldian ezin diot utzi Wet Leg taldea entzuteari. Vacaciones Permanentes diskoaren diseinatzaileak gomendatu zidan.
10. Eszenei buruz ari garela, Estatuko eszena gero eta nabarmenago ari da hazten, laurogeiko hamarkadako eta post-punk soinuekiko joera argiarekin. Nola baloratzen duzu egungo eszena? Baduzu kritika basatiren bat edo lausengutan urtzen zara?
Talde batzuek garai bateko estilo eta sonoritate ezagunak darabiltzate, eta askok eta askok gauza bera egiten dute; baina graziaz eta freskotasunez abesti onak egiten dituzten taldeak oso gutxi dira. Horien adibide, Alcalá Norte (duela gutxi hemen elkarrizketatu zenituzten) edo Grande Amore. Hala ere, azken aldian gauza antzekoegiak entzuten ditut, badirudi joera bera dutela taldeek soinuei dagokienez eta ez direla ausartzen pixka bat gehiago jolasten. Gogoa dut talderen batek zerbait berritzailea egiteko garunak urtzeko.
11. Eszenan makarra edo lumpen izateko bokazio argia dago, baina gero profil horiek ez diote eusten antzezten duten jarrerari. Uste duzu, Errejonek bezala, kontraesana dagoela pertsonaren eta pertsonaiaren artean, edo musikan norberak bere letretan proiektatzen duena izan behar duela?
Ezin dizut eszena osoaren izenean hitz egin, baina bai nitaz. Nire kasuan, ez banu sentituko zer kantatzen dudan eta benetan naizena, orkestra batean sartuko nintzateke, edo politikari, parlamentuan. Nire ustez, proiektu artistiko orotan, ez soilik musikan, errealitate indibiduala existitu beharko litzateke, nahiz eta modu inkontzientean islatu.
12. Vacaciones Permanentes markarra salamancar batzuk dira eta izango dira, baina Salamanca ez da agertzen gehien entzuten zaituzteten hirien rankingean. Zer uste duzu gertatzen zaiola zuen hiriari Rock and Rollarekin?
Zer gertatzen zaio nire hiriari guztiarekin, ez bakarrik Rock and Rollarekin. Unibertsitateak ukitu intelektuala ematen diola dirudien arren, Gaztelako hiri kastizoa izaten jarraitzen du, mesfidatia eta faxista. Normala da nire proiektua ez egokitzea salamancar dantzen, elizen eta fakultateko jaien artean. Gainera, hemengo guztiok geure hiritik joateko joera dugu. Badakit Salamanca Espainiako Estatu osoko diasporaren baitan entzuten den top 5ean dagoela.
13. Azkenik, ikusten ari gara zure kontzertuak arrakasta hutsa izaten ari direla. Gure irakurleek zu ikustera joateko gomendiorik bai?
Duela gutxi Madrilen izan ginen, El Soto aretoan, Yo Diablorekin batera. Valentzian, Zamoran eta Toledon ere boloak ixten ari naiz, eta Euskal Herrian ere laster data bat ixtea espero dut, gogo handia baitut eta ez baitut inoiz bertaratzeko aukerarik izan. Uste dut nire proiektua harrera ona izan dezakeela bertan. EHko bandaren bat hau irakurtzen ari bada, tratu bat adostu dezakegu: guk haiekin joko dugu beren lurraldean, eta, trukean, hona etorri beharraren penitentzia ordainduko dute.
Otsailak 28 Zamoran, Avalon Café + Bxtards
Apirilak 4 Zamoran, Cueva del Jazz + Grande Amore
Apirilak 11 Toledon, Sala Pícaro + Grande Amore
Apirilak 25 Valentzian, 16 Toneladas + Yo Diablo + Giuda
Apirilak 26 Bartzelonan, Club Sauvage + Grande Amore
14. Ivan, eskerrik asko elkarrizketagatik; nahi duzuna esateko aukera duzu hurrengo lerroetan. Puta España eta eskerrik asko We Are Dotore elkarrizketa honengatik eta zorionak horren proiektu fina eta zaindua aurrera eramateagatik.
Galdera azkarrak:
Musika talde bat: SQÜRL
Futbol talde bat: Unionistas de Salamanca.
Liburu bat: Ese vicio delicioso. La autobiografía de Kid Congo Powers.
Film bat: Perfect Days.
Borroka bat hasteko objektu bat: Una zapatilla en homenaje a Nando Grande.
Iradokizunak
Ez daude iradokeizunak
Idatzi