MOD MUGIMENDUA EUSKAL HERRIAN
Pandemia sasoi honetan, futbol, kontzertu edo gustoko ditugun edozein ikuskizunetara joan ezinean gauden honetan, atzera begirada bat botatzeko momentu egokia da. Gure lurraldeko kaleek hamaika istorio ezkutatzen dituzte, entzun ez ditugun istorio asko gainera. Blog honi hasiera emateko, gitar riff-en erritmora doazen eta garagardo usaina dauzkaten bitxikeriak dakartzagu.
Badakigu 60. Hamarkadan, Erresuma Batuan mod mugimendua sortu zela, musika eta arroparen zale sutsuak ziren gazte batzuen eskutik. Aurrerago, Revival Mod sortzen denean, ustezko berpizkunde horretan, The Jam bezalako taldeak, Fred Perry poloak edo Levi's bakeroak etortzen zaizkigu burura. Parka luzeak eta Vespa edo Lambretta scooterrak ziren hauen obsesioa. Mugimendu honek, “casual” kulturarekin alderatuz antzekotasun asko dauzka. Edo are gehiago, esan dezakegu 80. Hamarkadako casual ingelesak mod berriak zirela, kirol arropadun modak. Gogoratu behar dugu, Blog honetan kultura futbolzalearekin zer ikusia duen guztia dugula gogoko.
80. hamarkadako Casual estiloa.
Musikaren maitalea den gizon dotore bat ezagutuko dugu gaurko honetan, alaveszale amorratua dena gainera, ni bezala. Ziur nengoen kontatzeko gauza interesgarri ugari izango zituela, eta ez nengoen oker. Raulen eskutik mugimendu hau Euskal Herrira iristen deneko errepasoa jasoko dugu.
Guzti hau ulertzeko, 80.hamarkadara itzuli behar gara, gure lagunak 15 urte zituen garaira, Euskal Herrian, heroina eta "Rock radical Vasco" nagusi ziren urteetara. Kaleetan punkiak, kinkiak edota heavyak erraz aurki zenitzakeen. Baina bazegoen hain ezaguna ez zen, edo behintzat, gehiegi hitz egin ez denari buruzko mugimendu bitxi bat, gure lagunak zainetan eramaten zuena gainera, urteetan zehar bizitza estilo bat baino gehiago izango zena.
Britaniar estiloa maite zuten gazteak iritsi ziren gure hirira, Gasteizera. Bazeuden hainbat gazte Ingalaterrara joaten zirenak uda pasatzera eta ingelesa ikastera, eta kultura hau EHra ekartzen amaitu zuten. Hauetako bat, gure protagonista izan zen.
Gazte euskaldun Modak, mirandako kontzentrazioan, 1987. urtea.
Beste garai batzuk ziren, ez zegoen arropa erosteko erraztasunik, ez dirurik, baina gure laguna kultura honekin konbentzituta zegoen eta nola edo hala bere janzkera onenekin atera nahi zuen kalera, eta are eta gehiago festibaletara. Modek trajeak eramaten zituzten aurrerago hitz egingo dugun kontzentrazioetara, beraz, aiton-amonen trajeak hartu eta beraien gorputzetara moldatzen zituzten, hau zen benetako Modfita. 90. hamarkada iritsi baino lehen, Londreseko dendei egiten zizkieten eskariak sarritan, katalogoak garai horietako fanzineetan ikusi ondoren. Baina ez zeukaten arropa iritsiko zenaren ziurtasunik noski, eta askotan dirua galtzen zuten. Horrela pasa ziren urteak Raulek bere lehenengo fraka bakeroak erosi arte.
Hasiera batean pijoen gauza bat bezala hasi zen, atzerrian ikasteko ahalmena zeukatenen eskutik, baina aurrerago jende hura alde batera geratuko zen, eta nukleo gogorra izango zen belaunaldia gailenduko zen. Hauek zorroztasunez ulertzen zuten mugimendua, eta auzo guztietako gazteak biltzen zituen, 50 bat izatera heldu arte. Gogorra zen hemen sartzea, benetakoa izan behar zinen, eta ez zinen inoiz moda izango besteek zure burua modtzat hartu arte.
Gazte hauek ez ziren kalez-kale gehiegi joaten, gustoko zutena diskoteketara joatea zen beraien diskak jar zitzaten, hori baitzen aukera bakarra bere musika dantzatzeko. Revival Mod inguruko musika hain zuzen ere.
Baina gehien gustoko zutena kanpoko kontzentrazioetara joatea zen, euskaldunak beti elkarrekin, eta bertan beste musika estilo batzuk entzuten hasi ziren. Gasteizera ez baitzen heltzen, ez zegoen diska dendarik, eta aukera bakarra Madrilen edo Bartzelonan erostea zen ez bazenuen Ingalaterran posta bidez zerbait eskatu nahi.
Parkadun gazte ezberdin hauek ez zeuden guztiz ondo ikusita kaleetan, eta askotan nor-gehiagokak izaten zituzten beste gazte batzuekin. Askotan pijo edo fatxatzat hartzen zituzten, eta gure lagunak ez zuen inoiz hau ulertu, izan ere, ikurrinekin harro joaten ziren eta abertzale sutsu asko zeuden beraien artean. Hasiera batean, jipoiak jaso zituzten behin baino gehiagotan, baina hortik aurrera taldean joatea beharrezkoa zutela ikusi zuten eta kalean errespetua irabazten hasi ziren. Beraz, esan dezakegu Quadrophenia film famatuan ikusitako antzeko irudiak gure hirian ikus genitzakeela. Gure lagunak umeen txorakeriak bezala ikusten ditu borroka hauek gaur egun, baina urte horietako egoera zen, eta labanen bat baino beste ikusi izana ere gogoratzen du.
Quadrophenia filmeko eszena, 1979. urtea.
Aurrerago beraien kontzentrazio propioak sortzen hasi ziren, “Concentracion Mod Cantabrica“ deiturikoak. Lokala alokatu eta kontzertuak eta jaiak antolatzen zituzten, beti dirua galduz, baina hori zen beraien jarrera, kulturari pizgarri bat ematea besterik ez baitzen helburua. Duela urte batzuk garai horietako fanzine eta kartel guztiak zituen gorderik, baina behin batean zaborretara bota izanaz damutzen da gure laguna, biok uste dugun moduan, gaur egun altxor bat izan baitaiteke.
Scooterrekin hasi ziren mugitzen 18 urte bete eta gero, kanpoko kontzentrazioetara joanez. Gure laguna unibertsitatean sartu ondoren apur bat aldenduko zen, baina bere lagunak Scooter Boys bilakatu ziren, eta Soul jaialdiak antolatzen hasi ziren.
Zoritxarrez bere inguruko alaveszale bakarra zen Raul, garai txarrak ziren klubarentzat, hirugarren eta Bigarren B mailan jokatzen zuen eta benetako zaleak baino ez ziren Mendizorrotzara joaten. Beraz gure laguna beti joan izan da bere kabuz, futbola bere modura biziz.
"Awaydays" pankarta alaveszalea Vallekasen.
ELKARRIZKETA RAULI
Nola jotzen duzu zure burua?
Gaur egun nire burua "Anglobasque" bezala jotzen dut nire estiloa aldatzen joan delako, baina britaniar moda gustoko izaten jarraitzen dut. Nahiz eta gazte nintzenean mod zorrotza izan.
Noiz eta nola piztu zitzaizun kultura honekiko interesa?
Irlandan pasatzen nituen udak ingelesa ikasten, eta han O Connell Streeten bilduta, hauen kontzentrazioak ikusten hasi nintzen, ispilu ugariko scooterrak eta moden poseak arreta piztu zidaten eta asko gainera. Honekin batera Dublin diska dendez beteta zegoen, eta musika estilo hau entzuten hasi nintzen. Guzti hau Gasteizen ikustea ametsa zen.
Zein puntura arte ikusten duzu garrantzitsua estetika?
Estetika nahi ta ezkoa dela uste dut Mod kulturan, baina dena batera joan behar da. Estetika, jarrera edo kulturarenganako siniskera eta musikaz jakin. Benetakoa ez zenari “plastiko” deitzen genion.
Bizitza estilo bat da?
Dudarik gabe, zure eguneroko jarrera baldintzatzen duen zerbait da. Ez da soilik asteburuan buruan daukazun zerbait.
Casual kulturaren maitale zarela kontuan hartuta, nola ikusten duzu eszena Euskal Herrian?
80. hamarkadan oso gutxi ginen honi buruz genekien arabarrak, akaso ni eta lau Mod gehiago, interesgarria iruditu zait beti. Gaur egun, 49 urterekin begi onez begiratzen dut. Poztekoa da gaur egun dagoen eszena. Mendizorrotzan “Perry boys and girls“, Adidas trainers, smock jackets eta bestelako arropa ikustea itzela da neretzat. Nire iloba eta bere lagunak ikustea da honen islada ezinhobea. Eszena sasoi betean dagoelakoan nago. Dena den istiluak alde batera utzita, smart casual izatea gogoko dut. Futbola, musika, trainers eta adiskidetasuna uztartzean datza. Nolabait ere, espero dut sasi guztien gainetik casual eszena luzerako egotea Euskal Herrian.
Zeintzuk dira zure arropa markarik gogokoenak?
Pretty Green, Fred Perry, Lyle & Scott edo M.A. Strum bezalakoak ditut gustoko, esan bezala nire estiloa gaur egun casualera bideratu da.
Nola lortzen dituzu?
Interneten bidez, noski, Gasteizen ez daukagu aukera gehiegi eta modurik errazena da.
Badaukazu scooterrik gaur egun?
Bai, hiru gainera.
Lambretta scooterra.
Raul bere Lambretta gidatzen.
Esperientziaren bat atzerrian?
"Maduritoak" izanda scooterrak hartu ditugu eta Isle of Wight scooter Rallyra joan izan gara maiz, baita Brighton Mod Weekenderera. Baina nagusia naizela uste dut 3 egun parrandan ibiltzeko eta bueltatzean zuzenean lanera joateko, horregatik azken urteetan ez naiz joan.
Irakurketa edo libururen bat gomendatuko zeniguke?
Futbolarekin zer ikusia duten bi liburu ditut gustoko.
Nick Hornby (1992), Fiebre en las gradas.
J.L. Carr (1992), Como llegamos a la final de Wembley.
Abestiren bat?
Bat esatea zaila da, bi esango dizkizut, futbolarekin moduren batetan lotzen ditudanak:
Saturday‘s kids – The jam
Travellers Tune – Ocean Colour Scene
Oasis, The Jam edo Stone Roses bezalako talderen bat egongo da etorkizunean?
Bai, ziur aski. Casual mugimendua futbol inguruko modak direla esan dezakegu, Revival Mod mugimenduaren ondoren, Britpopa sortu zen eta honek badauka lotura zuzena futbol zaleekin. Hurrengo belaunaldian berdina gertatuko dela uste dut, musika mota berri bat sortuko da beste janzkera berri bat eramango duena eskutik, baina beti sustrai berdinekin.
Iradokizunak
Ez daude iradokeizunak
Idatzi