THE MANCUNIAN (0161 MANCHESTER): ELKARRIZKETA

person Idazlea: Mr. Dotore list In: Elkarrizketak On: comment Iradokizuna: 0 favorite Jo: 175
THE MANCUNIAN (0161 MANCHESTER): ELKARRIZKETA
  • Has gaitezen 0161ari buruz hitz egiten, eragin handiko kolektibo antifaxista baten kide zara zure hirian, eta honek ez dauka presentzia soilik bertan, Manchesterren. Noiz eta nola sortu zen?

Bada, 0161, 2014. urtean hasi zen festibal antifaxista moduan, komunitate osoarentzat zuzenduta, ez soilik punk edo skinentzako, era guztietako jendearentzat  antolatu genuen. Guretzako garrantzitsuena antifaxismoa da, ez digu axola zein musika duzun gustoko edo nola janzten zaren. Lehenengo urtean hiru egun izan ziren, hiru eszenatokirekin eta pasa den urtean 10 eguneko ekitaldi bat izan zen, eszenatoki gehiago erabili genituelarik.  Futbola, boxeoa, hitzaldiak, artea eta beste gauza asko landu genituen. Jardunaldi antifaxisten tankerakoak  izan ziren.

Noski, 0161 sortu baino lehen, kide guztiak egon izan gara ekintza antifaxistak aurrera eramaten, egun batean modu honetako antolakuntza aurrera eramatea aukeratu genuen arte. Gaur egun gertu gaude, aurrera begira. Franko ezberdinetan presentzia daukan eragilea gara eta hiri osoan zehar jarduera ezberdinak eramaten ditugu aurrera.

  • Zer nolako jarduerak eramaten dituzue aurrera?

Logikoa denez, badaude aipatuko ez ditugun hainbat gauza, ez da beharrezkoa hauei buruz hitz egitea. Baina orokorrean, hiri guztian zehar antolatzen ditugu ekitaldiak, kontzertuak, manifestazioak , hirian zehar egiten ditugun tour erradikalak, futbol txapelketak, boxeo klase eta txapelketak, baita muay thaiekoak ere. Eta nola ez, komunitatearentzat lantzen ditugun ekintza ezberdinak (janari-bilketak, arropa-bilketak edo diru donazioak jende behartsuarentzat).

0161a omenaldi bat egiten.

  • Guzti horien artean “0161 Festilabala” dago, herrialde askotan ezaguna dena jada. Esaiguzu nolakoa den honelako tamaina duen ekitaldi bat prestatzea.

Bada, zaila karkar, zaila egia esateko, eta lan asko dakarrena, noski. Hala ere oso beharrezkoa da. Orain arte zazpi urteetan zehar antolatu izan dugu,  eta gero eta gauza gehiago batu nahi ditugu, jende gehiago erakarri eta musika talde gehiago eduki. Garrantzitsuena bizi garen komunitatearen inplikazioa da, asko batzen gaituen lana da, ez da gure edo euren festibala, guztiona baizik. Urtebete inguru egoten gara festibal bakoitza prestatzen eta karga handia da dudarik gabe.

  • Aurten ezin izan da ospatu zoritxarrez, gainera ondo pasatzeko gogoekin zegoen euskaldun kopuru handi baten presentziaz libratu zarete. Nola eramaten ari zarete egoera hau?

Bada, gogorra izaten ari da, nola ez. Festibalaren gauza onenetariko bat gure artean mundu osoko jende antifaxista izatea da hemen, Manchesterren. Leku guztietako jendea ezagutzea eta beraiekin gozatzea eta ikastea. Pandemia bera eramateko zaila da, eta festibala edo beste hainbat ekitaldi ospatu ezin izana putakeri handia da.

Egiten saiatu garena Manchesterreko komunitatea batzea izan da, horretan bildu ditugu gure ahalegin guztiak. Honekin batera, proiektu berri bat hastear gaude, 0161TV deiturikoa, non festibal osoa igorriko dugun.

  •  Zeintzuk izan dira gozatu ezin izan ditugun taldeetako batzuk?

Bat baino gehiago, noski karkar. Baina nire ustez, handienetariko bat, Manchesterreko raplari bat dugu, orkesta batekin jotzen duena zuzenean, ikusgarria izango zen. Honekin batera, nola ez, The Opressed skinheadak, beti maila goian uzten dutenak. Eta lortzeko zailena izan dena The Press eta B. Dolan Estatu Batuetatik ekartzea izan da, oso berezia izango zen kontzertu baterako. Espero dugu 2021ean antzeko zerbait egitea, baina noski, dena Covid nazkagarri honek baldintzatuta izango da.

Moscow Death Brigade 0161 Festivalean.

  • Zuen web orrialdea 0161festival.com,  diseinu ugari dituzue, non casual estetikaren inspirazio argi bat ikusten den. 0161 harmailetako munduan ba al dauka presentziarik ?

Bai, noski, modu ezberdinetan, gero sakonduko dugu gehiago gai honetan, baina bai, FC United taldean oso barneratuta gaude. Erakunde moduan ere erlazio ezberdinak ditugu etxeko beste futbol taldeekin, Curzon Ashton Football Club, Manchester United bera edo Wythenshawekin. Bitartean, mundu mailan ere ekimen ezberdinak antolatu izan ditugu Ipar eta Hegoamerikako talde ezberdinekin, baita Belarus, Ukraina edo Errusiakoekin.

  • Zutaz hitz egin dezagun, Ingalaterran jaio eta bizi izan zara baina Euskal Herriarekin erlazionatuta zaude. Horrek Athleticen zale amorratua egin zintuen. San Mameseko harmailetatik ibili izan zara eta Bilboko mutilekin egin izan duzu turismoa ere. Nola sortu zen erlazio hau?

Egia esanda, istorio barregarria da, nire aitaordea Athleticekoa da eta beti izan da nahiz eta donostiarra izan. Gazte nintzenean, bere amak, futbolaz tutik ere ez dakienak, dendara eraman ninduen Errealaren kamiseta erosteko asmoarekin, baina ez zegoen, horren ordez Athleticekoa erosi zidan eta une horretatik aurrera, Athleticzalea bizi osorako! Ohikoa denez, familiaren taldea jarraitzen duzu.  Gazte nintzenetik beti saiatu naiz nire taldea ikustera joaten. Herri Norteko jendea ezagutu nuen Manchesterrera etorri zirenean, UEFAko norgehiagoka horretan, eta une horretatik aurrera beraiekin erlazioa hazten joan  da.

Bandera athletic

Mancunian turismoa egiten Granadatik.

  • Ingalaterrako casual pentsamendua ezagutzen duzu, eta ondo gainera. Badakigu txandala nahiago duzula alkondara  baino, baina nola ikusten duzu eszena hori Euskal Herrian?

Hori da, alkondara eramatearen zalea ez naiz, bai ordea txandalzalea. Egia esan, hau ez da gehiegi ikusten hemendik. Niretzako, Europako ekialdean eta Euskal Herriko gune askotan ikusten den estetika dut nahiago, askoz gehiago doa nirekin. Ikus dezakedanez, casual moda askoz gehiago ikusten ari da azken urteotan. Ez da ezer txarra, are eta gehiago, bikaina da eszena eta estilo ezberdinak ikustea harmailetan. Euskal Herrian dagoen pasioa ezberdina da hemengoarekin konparatuz gero.

  • Duela hilabete batzuk FC United Of Manchesterren partidu batez gozatu ahal izan genuen zurekin, zazpigarren maila ingelesean jarraitu izan duzun taldea da. Espero bezala,  futbolik onena ez zen ikusteko, baina jendeak eta harmailetako giroak Broadhurst Parka leku aparta bilakatzen du. Nolakoa izan da zure ibilbidea talde hau jarraitzen?

Luzea karkar, baina tira, talde guztietan bezala momentu onak eta momentu txarrak egoten dira (nahikoak baino gehiago). Azken urteotan gure zelai propioa eraiki dugu zuek ikusi ahal izan duzun moduan eta ikusgarria da nola iritsi garen honaino zaletuek aurrera eramandako mugimendu kooperatibo bat izanda.

Duela urte batzuk gure futbol zelaian politikoki gehienbat eskuinekoak  ziren gaztetxoen talde txiki bat izan genuen, baina eztabaida zintzo batzuen ondoren ez ziren gure etxera bueltatu.

Bestalde, horrela da bai, momentu honetan zazpigarren mailan jokatzen dugu. Baina esan beharra daukat azken hamabost urteetan aldi gehiagotan mailaz igo garela bizi izan ditugun jaitsierekin konparatuz gero. Orain, ematen du gure momentuan gaudela gutxi gora behera, baina zer gehiago eskatu dezaket… Futbola, hiruretan larunbat bakoitzean, zure lagunekin eta zaleekin, harmailetan erre eta edan, zer gehiago nahi duzu?

FC Uniteden zaleak away day batean.

  • Suposatzen dugu, Ingalarretan futbola bizi den modua kontuan hartuta zaleek partidu batzuk beste batzuk baino gehiago itxaroten dituztela. Zeintzuk dira FC Uniteden etsai garrantzitsuenak?

Hori ez da falta, ez. Guretzat, gehienbat, gure aurkari garrantzitsuenak, Manchester United berak dituenak dira, noski. Hau da, Leedsetik edo Liverpooletik gertu dauden taldeen kontra jokatzen dugunean eta horra gerturatzen garenean beti sortzen da tentsioa eta egoera nahiko berotzen da. Leeds edo Liverpooleko hooliganak bertara joaten dira gu hortik gaudelako soilik eta noski, gero gerokoak karkar.

Gure ligari dagokionez, denboraldiaren arabera egoera aldatzen da egia esan, ez dugu aurkari handirik horrela esanda gure mailako taldeekin. Klubak “lagunak egiten, ez aberatsak” bezalako leloa erabiltzen du eta hori islatuta ikusten da beste taldeekin sortzen ditugun erlazioetan.

  • We Are Dotoretik esker anitzak eman nahi dizkizugu, gurekin batera lan egitera animatzeagatik. Espero dugu elkarrekin gauza gehiago egin ahal izatea etorkizuneko ideiak aurrera eramateko. Bizitza luzea opa diogu 0161i, izan ere inor ez bezala ematen ari zarete aurpegia eta ahal duzuen guztia egiten ari zarete bizi dugun egoera nazkagarri honi aurre egiteko. Orain nahi duzuna adierazteko askatasun osoa daukazu.

Plazerra da, eskerrik asko zuei galderak botatzeagatik eta zuk esan duzun moduan espero dezagun elkarrekin gauza gehiago egiten jarraitzea garai zail hauetan.  Ez dago esateko beste gauza handirik, hemen jarraitzen dugu, ahal dugun moduan borroka eginez, komunitateari laguntza emanez eta aurrera egiten. Besarkada handi bat hemendik eta gure Euskal Herriko jendeari laster bisita egitea espero dugu.

0161aren murala.

Iradokizunak

Ez daude iradokeizunak

Idatzi

Igandea Astelehena Asteartea Asteazkena Osteguna Ostirala Larunbata Urtarrila Otsaila Martxoa Apirila Maiatza Ekaina Uztaila Abuztua Iraila Urria Azaroa Abendua