EKINEZ JAIALDIA: ELKARRIZKETA
1- Pandemiaren ondoren, jendea gogotsu ari da joaten kontzertuetara, eta are gehiago orain eguraldi ona eta uda datorrela. Edozeinek esango luke jendeak nahi duena eskeintzen duzuela. Zer da Ekinez Jaialdia?
Ez dakigu jendeak nahi zuena izango den, baina bai guk nahi eta bilatzen genuena….karkarkar.
Ekinez jaialdiaren abiapuntua herriko plazan egin behar zen aurkezpen kontzertu bat izan da, gerora jaialdi bilakatutakoa.
Pandemia aurretik, Brigade Loco taldeak diska aurkezpena Bergarako herriko plazan egin behar zuen beste talde lagun batzuekin, eta Ekinez elkartetik aurkezpen horri sostengua eta laguntza ematea erabaki genuen.
Pandemiarekin kontzertua bertan behera geratu zen, eta, aurrerago, kontzertuen itzulerarekin, gaia berrikustea erabaki genuen.
Orduan, Bergarako Kaleko Urdangak taldeak KD berria atera zuela ikusi eta herrian bi taldeen aurkezpen kontzertu potente bat egitea ondo legokeela pentsatu genuen. Gainera, kaleko musika alternatiboari oihartzuna eta merezi duen lekua eman geniezaiokeela ikusi genuen.
Hortan, udaletxearekin elkartu eta lanean hasi ginen esku artean dugun festibala lortu arte.
Brigade Locoren azken bideklipa Amaiurren, Gaztelu Beltza.
2- Zer da EKINEZ?
Ekinez hainbat talde eta profesionalek osatzen dugun MUSIKA ELKARTE bat gara. Bertan, kontzertu antolaketa, taldeei laguntza legala, kontzertuen orientazioan gomendioak… emateko xedea dugu.
Gauza desberdin asko egiteko gogoz beterik gaude, jada hainbat proiektu ditugu buruan eta beste zenbait martxan. Jaialdia ibilaldi luzea izango duen proiektu baten hasiera besterik ez izatea espero dugu eta horretarako ari gara lanean.
3- Zergatik Bergaran?
Aurretik aipatu bezala, Brigade Loco taldearen aurkezpen bat izatetik jaio, Kaleko Urdangak eta Brigade Loco taldeen aurkezpen kontzertu bat izatera igaro eta kaleko musika alternatiboa bultzatuko duen jaialdi bat izateraino iritsi da. Beraz, hazia eta sustraiak Bergaran egon dira; Bergaran egitea erabaki naturala izan zen, herriari aspaldian egon den kontzertu masiboena emateko asmoarekin.
Kaleko Urdangak.
4- Talde berriak eta zaharrak nahastu dituzue, publikoa ere gaztea eta zaharra izango da?
Kaleko musika alternatiboaren elkargunea sortzerako orduan beharrezkoa ikusi genuen guretzat erreferente izan diren taldeak izatea jaialdian. Egungo musika talde askok bertatik edan dute eta belaunaldi zahar eta berrien arteko lotura horri eustea garrantzitsua dela deritzogu.
5- Des-kontrol, Jonny Gerriwelt edo Neallta Fola bezalako taldeak urteen ondoren bildu dira berriz jotzeko asmoarekin. Zergaitik uste duzue aukeratu dutela une hau?
Zoritxarrez ezbehar baten eskutik etorri da talde batzuen itzulera. Josu, mugimenduarentzako erreferentzia garrantzitsua izan da, eta haren iraileko omenaldiaren aurretik kontzertu batzuk eskaintzeko borondatetik datoz itzulerak, ikusiko da aurrerantzean jotzen jarraituko duten edo ez, espero dugu jotzen jarraitzea!
Neallta Fola Arrano Tabernan. Ekinezen aurkezpena, Bergara.
6- Hasieran ateratako 2 egunetako bonoak berehala amaitu ziren, zenbat lagun sartuko dira?
Oso harrera beroa izan du jaialdiak lehen unetik, eta hori benetan eskertzekoa da. Horrek erantzukizun bat sortu du gugan, jendeak hainbeste desiratzen duen jaialdia eskeini ahal izatea. Bide horretan, lan handia egin dugu eta jendearengan txinparta hori pizteak jendetza biltzeko erreztasunak eman dizkigu. Azkenean, 4.000 lagun inguru izango gara jaialdiko egun bakoitzean.
7- Musikaz gain, zein beste gauza aurkituko ditugu jaialdi gunean?
Elkarguneak batez ere, musikaz gainera garrantzitsua delako jendeak sozializatzeko espazio ezberdinak izatea. Adibidez, azoka bat jarriko dugu, non musika taldeek eta arropa markek erakuslehio propioa izango duten. Bertan, arropa, diskak, biniloak... eskuratzeko aukera izango du jendeak.
Horrez gain, afaltzeko aukera eskeiniko du jaialdiak. Bertan, lasai egoteko espazio bat egokituko dugu.
8- Eskerrik asko Ekinez Jaialdiaren parte izaten uzteagatik, eskertzekoa da euskal musika eszenari ematen diezuen bultzada. Bergaran ikusiko dugu elkar!
Eskerrik asko zuei elkarrizketa hau egin eta gure hitza zabaltzeagatik. Orain arte mugimenduko taldeei emandako babes eta oihartzunagatik ere eskerrak eman behar dizkizuegu. Horrelako blog, fanzine, irratsaio...gehiago behar dira kaleko musika alternatiboa sustatzeko eta honek behar duen lekua hartzeko! Eta hori dena DOTORE jantzita ? GORA ZUEK! Segi tinko hortan eta jaialdian elkar ikusiko dugu....agian sorpresaren batekin?
Iradokizunak
Ez daude iradokeizunak
Idatzi