IRAITZ (TROJAN TATTOO): ELKARRIZKETA

person Idazlea: Mr. Dotore list In: Elkarrizketak On: comment Iradokizuna: 0 favorite Jo: 289
IRAITZ (TROJAN TATTOO): ELKARRIZKETA
  •   Nola izan zen zure hasiera tatuajeen munduan?

Bada nire lehenengo tatuajeak egin zizkidatenean, ikasteko nahia eta intriga piztu zitzaidan, eta Ingalaterran bizi nintzela nire gaurko bikotea den Katie, ezagutu nuen. Bera tatuatzailea zen, Leedseko estudio batean egiten zuen lan eta bere bitartez sartu nintzen mundu honetan ikastun moduan. Eraikuntzan egiten nuen lan garai hartan (2006), hau utzi eta Katiek lan egiten zuen dendan hasi nintzen lanean (telefonoari erantzuten, garbitzen, bezeroak eta agenda antolatzen) eta nola ez, ikasten.

  • Diseinu edo artearekin erlazionatutako ikasketak egin zenituen?

Ez, ez dut artearekin erlazionatuta dagoen ikasketarik egin. Nire aitari esan nion arte ederrak ikasi nahi nituela eta bere erantzuna izan zan “eso es para pijos, de eso no se paga uno el pan” karkarkar.

Betidanik marraztu izan dut, komikiak eta fanzinetan egiten nituen marrazkiak eta muralak eta graffiti batzuk egin nituen 98tik 2000. urtera bitarte (ingalaterrara joan baino lehen). Baina ikasketarik ez.

  • Trojan Tattoon ez zaude bakarrik, orratzen beste maisu bat daukazu estudioan, Katie Foster Trojan,  noiz eta nola sortu zen  proiektu bateratu hau?

Lehen aipatu dudan moduan, 2006an ezagutu nuen Katie Foster, nire bikote sentimentala eta profesionala dena gaur egun, eta nire irakaslea izan dena (eta oraindik dena karkarkar). Nik, Euskal Herrira bueltatzeko helburuarekin, Katie enganatu nuen nirekin etortzeko. Gauzak horrela,  2008an Bilbora bueltatu nintzen Katierekin TROJAN TATTOO irekitzeko asmoz ( hain justu krisia hasi zenean karkar) eta, 2008ko abuztuan, aste nagusiaren erdian, estudioa ireki genuen.

Iraitz bere estudioan. Done Jakue Karrera, 48005 Bilbo.

  • We are Dotoreko kide garen bat baino gehiagok esperientziagatik zuen profesionaltasuna bermatu dezakegu, estilo tradizional edo eskolazahar garbia lantzen duzue. Trazu lodiak, degradatuak eta kolore biziak dira nagusi, zer dela eta aukeratu zenuten estilo hau?

Bai, batzuk asko kexatzen zarete eh karkarkar.

Disko eta argazki zaharrak ikusten ari nintzela, 80ko hamarkadako kaskamotzek, punkiek, rockabillyek... eramaten zituzten tatuajeak, enarak, dagak, panterak, itsasontziak etab. betidanik gustatu izan zaizkit pilo. Nahiz eta urteak pasa eta tatuajeak zahartzen diren, mota honetakoak oraindik argi eta garbi ikusten dira zer diren. Ingalaterran, kaskamotz zaharrak diren lagun askok, 40 urteko enara tatuajeak dituzte eta oraindik enarak direla antzeman daiteke, marra lodi eta kolore plano horiekin. Horregatik gustoko ditugu tatuaje tradizionalak, betirako tatuajeak direlako!

Tatuaje Iraitz Trojan Tattoo Bilbao

Iraitzen tatuajea.

  • Zuen lan eta flashen artean skinhead mugimenduak, euskal sinbologiak, hooliganismoak edo futbolak protagonismoa handia dutela ikus dezakegu, plazerra izango da zuk ere gustoko dituzun tematika hauek lantzea ezta?

Bai, noski baietz. Horregatik maite dugu gure lana, gustatzen zaizkizun gaiak lantzea kristona da, eta bezeroarekin dagoen elkartasuna ezin hobeagoa da. Jende jator pilo bat eta lagun eta harreman asko lortu ditugu alde honetatik ere.

Working class girl. Trojan tattoo

Iraitzen flashetako bat. Working Class girl.

  •  Zure lanetariko bat aukeratzekotan (badakigu zaila dela) zein izango litzateke?

Buff, hori esatea ezinezkoa da.

Normalean zentzu politiko antifaxista, langileri sinbolismoa, futbolzaleak, tribu urbanoak etab. ordezkatzen dituzten irudiak dira gehien gustatzen zaizkidanak prestatzea eta tatuatzea. Hala ere, klasiko batzuk (arranoak, panterak, arrosak, sugeak, dagak, itsasontziak...) oso gustora egiten ditut eta ez naiz hauek egiten ere inoiz aspertzen.

  •   If The Kids Tattoo Crew, izen honek gauza asko esaten dizkigu gu bezalako pertsonaioi. Tatuajearen artista ezberdinak batu zarete proiektu honetan. Nortzuk hartzen duzue parte eta nondik atera zen ideia?

If The Kids Tattoo Crew, Duck Plunkett eta Jonas btp-k (Midnight Tattoo Bartzelona) sortutako ideia izan zen eta beraiek gonbidatu ninduten proiektu honetan parte hartzera. Ideia da, antzeko gustoak partekatzen ditugun artista ezberdinak batzea. Musika, estiloa, harmailak, antifaxismoa...

Gaur egun Bartzelonatik Duck Plunkett, Jonas btp, Pablo Vandalo eta Kate daude, Coruñatik Marko bvk (moxtoletarra) eta ni (Iraitz Trojan) Bilbotik, jakina.

Batzuk tatuaje alkoholikoagoak, makarragoak, politikoagoak edo futbolzaleagoak egiten ditugu, bakoitzak bere “ikutu frikiarekin”.

Urtero batzen gara Bartzelonan edo Coruñan flash day egiteko. Musika eta giroa aparta da, aurten hemen Bilbon egitekoa zen baina pandemiaren kontuarekin bertan behera geratu izan da guztia.

If The Kids Tattoo Crew.

If The Kids Tattoo Crew.

  • Uste dut harrotasunez esan dezakezula skinhead peto-petoa zarela. Oi musikaren zale, bota eta tiranteak eramaten jarraitzen dituen horietarikoa zara eta gainera Scooter Boy zarela badakigu. Nolakoa  da bizitza estilo hau zuretzat?

Bada 15 urterekin hasi nintzen kontu honetan  (40 ditut gaur egun) eta esan behar dut gaur egun askoz errazagoa dela kaskamotza izatea 90. eta 2000. hamarkadako hasieran  baino. Garai horietan oso erraza zen arazoak aurkitzea, Euskal Herritik kanpo bereziki.

 Niretzako, langile kontzientzia eta anti-arrazakeria harrotasunez eramateko,  ezinbestekoa da estiloa eta gure musika maitatzea. Gaztetan parranda gehiago botatzen nituen eta arazo gehiagotan sartu izan naiz ere karkarkar. Gaur egun, scooterrarekin batzen gara askotan, kontzertu batzuk egiten ditugu urtero eta diskak erosten ditugu... beraz, parranda eta arazo gutxi izaten ditut gaur egun bai karkar, “viejo way of life” Baina “historieta” pilo, hori bai.

  • Bizitza estilo hau eraman izanak festibal eta kontzertu ugari ikustera eraman zaitu, bai Euskal Herrian, bai hemendik kanpo, gogoratzen duzu baten bat, anekdotaren batekin edo bereziki ikusgarria izan zena?

Hilabetero, bizi nintzen herrian, ska kontzertuak antolatzen zituen tipo batek eta 2tone garaieko handienak ikusi izan ditut askotan( Selecter, The Beat, The Specials, Bad Manners...) punk eta Oi! kontzertu askorekin batera (hauetan arazoak egoten ziren fatxekin). Pub txikietan edo festibaletan ere psychobilly talde piloz gozatu izan dut.

Zerbait berezia niretzako izan zen 2005ean Morcambe Holidays in the Sun festibalean The Oppressed taldea lehenengo aldiz ikusi nuenean. Aipatzeko beste bat, 2006an izan zena,  Londresen The Blaggers taldea ikusten egon nintzenekoa da, orduan 20 faxista poloniar inguru etorri ziren kontzertua boikotatzera eta egundoko ostiak eduki genituen kanpoan karkarkar ahaztezina!

Skinhead pic

Iraitz trenean Kings Crosserako bidean, 2001.

  •   Zeintzuk dira Iraitzen estudioan talderik entzunenak?

Bada gehienak klasikoak, 60. hamarkadako ska ta reggae talde asko, 80 hamarkadako punk, Oi! eta ska 2tone, Mod talde batzuk ere (The Jam bereziki), psychobilly, irish rebel folk ta soul apurtxo bat ere. Ah, Housemartins taldea beti entzuten da gure dendan!

  • Zeintzuk dira skinhead dotore batek, bai ala bai izan beharreko arropak edo markak?

Beno, nahiz eta murriztua dagoela dirudien, gure estetika oso zabala da. Dotoreagoa edo makarragoa izan daiteke, baita bi hauen arteko nahasketa (hau da niri gehien gustatzen zaidana jaja).

Nire ustez eduki beharrekoak botak eta bomberra (flight jacket) dira, hau da “starter packa” gaztetatik kontu honetan hasten zarenetik. Onartu behar dut nik arropa pilo bat kontsumitzen dudala eta ez daukat leku askorik gehiago sartzeko...

Markaren bat aukeratu behar badut, oso garestia da, baina Fred Perry izan behar du, nola ez!

  • Made in Bilbao Scooter Clubeko kide zara, zer kontatzen diguzu honi buruz?

Bai, kidea naiz hasieratik. Made In Bilbao 2011n jaio zen, 4 kide ginen eta 18 inguru gara gaur egun. Kaskamotz ta harmailetako munduan ibili diren jubilatu asko daude gure lerro artean karkarkar. Gazteenak 28 urte ditu ta zaharrenak 55.

Ez dugu edonor taldean sartzen, filtroa pasa behar da, eta gutxieneko etika, estilo eta gusto amankomunak eduki behar dituzu taldean sartzeko .

Ibilaldi luzeak egiten ditugu, pintxadak, festak eta talde moduan “Gure Esku Dago” bezalako ekimenetan edo grebetan pikete informatibo moduan parte hartzen dugu baita ere. Estilo apurtxo bat sartzen hainbeste hippiren artean karkarkar.

Made In Bilao Scooter Club.

Made In Bilbao Scooter Club.

  • Athleticzale amorratua zarela esan digu txori batek, benetako kultura futbolzalearen maitale, nola ikusten zenuen gaur egungo futbola pandemia baino lehen? Eta ondoren?

Futbolarekin daukadana  “maitasun-gorroto” sentimendua da. Alde batetik, kriston festa, batasuna eta sentimenduak sortzen ditu, beste aldetik negozio zikin eta dirudun ustela bilakatu izan da. Harmailak oso bizi ikusten dira Euskal Herrian eta hori beti ona da. Hau guztia pandemia baino lehen noski, orain pandemiarekin ez dago festarik, harmailak hutsik daude baina negozioak aurrera jarraitzen du.

Love the game, hate the bussiness!

Iraitz Genovaren harmailan, 2001.

  • Harmailen munduarekin erlazionatuta egon zara beti, bertan azpikultura ezberdinak ikusi izan dituzula ziur gaude. Kaskamotzak edo heavyak nagusiak zirenetik gaur egun arte. Ematen du gaur egun casual pentsamendua gailendu dela besteen gainetik, zein iritzi daukazu honi buruz edo nola ikusten duzu estetikaren garapena Euskal Herriko harmailetan?

Bai, gogoratzen dut 1994an 14urtekin San Mamesera joan nintzela nire osabarekin eta harmailan talde handi bat ikusten zela, denak bomber berdeekin, eta talde itxura hori oso harrigarria iruditu zitzaidan. Honelako itxura telebistan beti faxistatzat jotzen zuten, baina ikusten nituen hauek kontrako ikurrak eta pankartak erakusten zituzten harro. 90. Hamarkadan, gehienak, kaskamotzak eta heavy makarrak ziren hemen, Bilbon. 2000tik 2008ra arte edo, ikusi izan da estetika nagusia futbolean kaskamotz txandaldun edo futbolzalearena zela. Txandal, adidas eta alpha bomber bezalako outfitak ziren nagusi. Honekin batera kaskamotz tradizional batzuk ere mantentzen ziren eta  estetika finkorik ez zutenak ere bazeuden.

Herri Norte en Turin.

Bilboko mutilak Turinetik, 90. hamarkadako amaiera.

Gaur egun casualismoa da nagusi Euskal Herrian, batzuk beste batzuk baino dotoreagoak itxura anglosaxoia mantentzen duten bitartean.

Egia esan, estetika baino garrantzitsuagoa niretzat, taldeen jarrera, baloreak eta indarra izan behar da. Estetika aldatu da bai, eta postureoa handitu da zoritxarrez sare sozialetan (lehen postureoa fanzinetan egiten zen karkar). Baina Euskal Herriko taldeak eta harmailak indartsu, bizi eta jarrera eta balore apartekin ikusten ditut! Hala ere, onartu behar dizuet, kaskamotz bat ikusten dudanean zelai  edo talde batean sekulako poza ematen didala.

  • We are Dotoretik eskerrak eman nahi dizkizugu elkarrizketan parte hartzeagatik. Bizitza luzea opa diogu Trojan Tattoori, baita If The Kids Tattoo Crewri, eta irrikitan gaude beste behin gure larrua zulatzeko! Ez da gehiegi falta. Hemendik aurrera nahi duzuna adierazteko askatasun osoa daukazu.

Eskerrik asko zuei, aurrera eramaten ari zareten proiektua oso interesgarria iruditzen zait eta jende oso jatorra zarete, sekulako pertsonak! Bloga ezagutzen ez dutenek ez dakit zeren zain daude begirada bat botatzeko! Jarraitu horrela, aupa zuek!

Bash the fash & fuck the RAC.

Iradokizunak

Ez daude iradokeizunak

Idatzi

Igandea Astelehena Asteartea Asteazkena Osteguna Ostirala Larunbata Urtarrila Otsaila Martxoa Apirila Maiatza Ekaina Uztaila Abuztua Iraila Urria Azaroa Abendua