ROTTEN XIII: ELKARRIZKETA

person Idazlea: Mr. Dotore list In: Elkarrizketak On: comment Iradokizuna: 0 favorite Jo: 863
ROTTEN XIII: ELKARRIZKETA
  • Gasteizeko Iradier Arenan bizitako kontzertuaren ondoren inoiz baino biziago zaudetela esan dezakegu, bazen garaia eta bazeuden gogoak horrelako kontzertuetaz gozatzeko, nahiz eta covid neurriekin izan. Zeintzuk izan ziren zuen sentsazioak?

Arraroa egiten da, ze zu taulagainean zaude kriston motibadarekin eta ia mugitu ezin den eta aurpegia estalita duen jendea daukazu aurrean. Atzean, gainera, antolatzaileak, behin eta berriz eskatzen jendea lasaiarazteko eta giroa kontrolatzeko.

  • Nola ikusten duzue zeuen burua orain? Geratzeko bueltatu al zarete?

Ez gara sekula joan, bizitzak ezarri dizkigun baldintzengatik egin beharreko hautuak eta hurrengo pausoak emateko denbora hartu soilik. Kriston gogoak ditugu jotzeko eta indartsu sentitzen gara.

La imagen tiene un atributo ALT vacío; su nombre de archivo es argazki4-1024x682.jpg

Rotten XIII Gasteizeko Iradier Arenan.

  • Kaosa Euskal Herrian diskarentzat egindako kantarengatik izan ez balitz, ez genukeen zuetaz ezer jakingo 2020. urte osoan. Zorionez, duela gutxi Nire Amaren Etxea eta Aurrera bezalako kantak entzungai jarri dituzue. Zerbait gehiago al daukazue sukaldean?

Zuzenekoei garrantzi nagusia eman nahi diegu, Aurrera diska lau haizetara zabaltzeko. Beste bideoren bat edo egiteko ere plana izan dugu, baina hori guztia sekulako mobida da guretzat. Ideiak izan arren, gure barne antolakuntza desastre hutsa da eta egia esan, inoiz ez diogu berebiziko garrantzirik eman egun taldeek sareetan egitera behartuta dauden promozio horri.

  • Zuen anaiak diren Dinamitaren Hazlo por él abestiak hunkitu egiten gaitu, nola daramazue hau?

Javirena oso kolpe latza izan zen talde bezala eta zer esanik ez lagun bezala. Hala ere, musika da gure sendagaia, gure terapia. Lagun on bat omentzeko, gainera, zer hoberik bere memoriari abestea baino?

La imagen tiene un atributo ALT vacío; su nombre de archivo es argazki5_javirekin.jpg

Taldea Berlinen, Javi argazkian.

  • Nola bizi izan duzue pandemia hau?

Guztiok bezala, suposatzen dut: batzuetan ezegonkor, nazkatuta, bestetan indartsu eta askotan ero.

Talde bezala, konfinamendua nahiko baliagarria suertatu zitzaigun konposizioari dagokionez, baina behin kalera aterata gorriak eta bi ikusi genituen entsaiatzeko. Lokala itxi ziguten eta Lizarralderaino joan behar izan genuen entsaiatzera, lagun baten (Txuti maite zaitugu!) osaba-izeben etxera, pentsa! Tipoak egurrezko eguzkiloreak egiten zituen eta trukean eguzkilore pare bat erosten genizkion entsaio bakoitzeko. Gero bajera ilun bat alkilatu genuen Noainen modu klandestinoan entsaiatzeko. Behin diska aterata eta lokala berreskuratuta, kostatu zitzaigun aulkidun kontzertuak emateko erabakia hartzea, baina behin hartuta gustora jo genuen. Hala ere, espero dezagun datorren solstizioan aulki eta maskarilla guztiak erretzea, inoiz berriro ez ikusteko.

Musikaz haratago, ezin ukatu pandemiaren egoera nazkagarriak herritarron oinarrizko askatasun ugari dudan jarri dituela eta apur bat noraezean geratu garela denok. Beharrezkoa dugu ordea irakurketa egokia egitea, nazio bezala eta langile klase bezala zanpatu ez gaitzaten.

  • Gai ezberdinak jorratzen dituzue zuen abestietan; horietako askok gure herriaren historiari buruz hitz egiten digu, letra erromantikodun abesti agresiboak direla esan dezakegu. Nondik ateratzen duzue inspirazioa?

Guk onartzen dugu, erromantikoak gara. Gustoko dugu gauzak mitifikatu eta arbasoak, herria edo kultura goraipatzea. Dudarik gabe, gizakiaren historia beltza eta krudela izan da beti herritar xumeontzat, eta hori kontuan hartzen dugu letrak idazterako orduan. Historia ofiziala garaileek eta boteredunek idazten dute eta horren aurrean errelatu propioa sortu nahi dugu.

Aberriari dagokionez, hemen kristo guztiak bere historiaren irakurketa egiten du, baita zanpatu nahi gaituzten bi estatuek ere. Ez da txori kaka euskaldunok alor horretan jorratu behar dugun papera, eta eskura ditugun medioak erabili behar ditugu herri kontzientzia garatzeko: hezkuntza, alor soziala, liburuak, musika… Abesti batek, gainera, historiaren ikuspegi zientifiko eta objetibotik ateratzeko aukera ematen du. Kanta batek duen garrantzitsuena sorrarazten duen sentimendua da, ez bere letretan aipatzen dituen esaldi zehatzak.

  • Zeintzuk dira zuen erreferenteak musikan?

Buff… letra eta doinuei dagokienez ezin dugu erantzun konkreturik eman, gure egunerokotasunean entzuten dugun edozein doinutan oinarritu gaitezkeelako. “Erreferente” hitzak, gainera, urteak betetzen goazen heinean garrantzia galtzen du. Denok gizaki hutsak gara eta musikaren munduan gehiegizko miresmenak ez du ezertarako balio.

Hala ere, taldean eragina izan duten talde zehatz batzuk aipatzea nahi baduzue, Brigada Criminal, Badlands, Fiachras, Decibelios, MCD edo Asgarth aipa genitzake. Punk-Oi! musika gustoko dugu, baina baita rokanrola, folka, metala edo doinu herrikoiak. Zentzu horretan euskal musika tradizionala taldearen izaeraren zutabe bat da. Beti esan dugu Euskal Herriak errepublika bat behar duela izan, baina Benito Lertxundi errege jartzen badugu, gugatik primeran. Don Carlosenak karlistak baziren, gu Benitistak gara.

  • Talde ugari sortu dira azken bolada honetan hemendik, asko pozten gaituen zerbait da hori. Nola ikusten duzue euskal musika eszena gaur egun?

Modu orokorrean hitz eginda, euskaltzaleak izanik, euskaraz abesten duen edozein talderen sorrerak pozten gaitu. Horrek ez du esan nahi, ordea, gustoko izango dugunik. Hala ere, talde interesgarri asko sortu izan dira azken urteetan eta musika komertzial internazional nazkanteak dena jaten duen garai hauetan ez dago batere gaizki gure alternatiba sortzea.

La imagen tiene un atributo ALT vacío; su nombre de archivo es argazki1-1024x472.jpg

  • Badauzue ere gaur egungo futbolaren aurkako abesti bat. Zein da zuen erlazioa harmailetako munduarekin eta zein da zuen gogoeta zaleok covidarekin bizi dugun egoeraren inguruan?

Orokorrean taldekideok ez gara lehiaketa ofizialen jarraitzaileak eta futbolaren inguruan mugitzen den mafia hori guztia gorroto dugu. Javi eta Patxi Sadarreko hego-armailako bazkideak izan ziren garai batean, baina orain egia esan gutxitan joan ohi gara partidu batera.

Covid egoera eta zaletuen kontuari dagokionez, betikoa. Futbolaren mafiak bere lehentasun eta interesak ditu eta zalegoa, futbolaren arima eta ia honek daukan gauza interesgarri bakarra izanik ere, beti izango da horren morroi.

  • Ezagutzen al duzue casual pentsamendua ? Zer deritzozue?

Gu ez gara hooligan munduarekin identifikatzen baina ez zaigu guztiz arrotz. Oi! musikaren zein kaskamotz munduaren eta futbolaren arteko lotura estua izan da sarri eta lagun dezente dugu bertan mugitzen direnak. Lagun onak gainera, jende jatorra eta ausarta! Aspektu negatibo bat aipatzeagatik, esan genezake casual rolloak (egungo subkultura gehienen antzera) arropa marka garestien modak bultzatzen dituela askotan, eta horrek benetan atzean dagoen persona ezagutzerako orduan aurreiritziak sortzen dituela.

  • We are Dotoretik eskerrak eman nahi dizkizuegu elkarrizketa egitera animatzeagatik, plazerra izan zen aurrekoan egotea eta zuek oholtza gainean ikustea. Oi! gau gehiago espero ditugu, gora Rotten XIII eta gora Javi! Hemendik aurrera askatasun osoa daukazue nahi duzuena gehitzeko.

Mila esker zuei, lan txukuna egiten ari zarete! Amaitzeko, Raimundo Lanasen jota polit bat utziko dugu, hainbeste rokanrol eta osti txarrarekin burua lehertuko zaigu eta.

Iradokizunak

Ez daude iradokeizunak

Idatzi

Igandea Astelehena Asteartea Asteazkena Osteguna Ostirala Larunbata Urtarrila Otsaila Martxoa Apirila Maiatza Ekaina Uztaila Abuztua Iraila Urria Azaroa Abendua