SID TATTOO: ELKARRIZKETA

person Idazlea: Mr. Dotore list In: Elkarrizketak On: comment Iradokizuna: 0 favorite Jo: 1234
SID TATTOO: ELKARRIZKETA

Elkarrizketarekin hasteko zalantzak izan ditugu, izan ere, Aritz Raijin edo Sid tatuajearen artista da, baina musikan guztiz murgilduta dagoen pertsonaia ere bada. Euskal Herriko kaskamotz eszena ondo baina hobeto ezagutzen duen norbait dugu, eta gai hauek, dudarik gabe, blogerako eduki ezin hobeak dira.



- Kronologikoki hasiko gara (modu bat aukeratzearren). Arreta piztu diguten argazki ugari ikusi ditugu, oso-oso gaztetatik kaskamotz janzkera definitua eraman izan duzu. Nola hasi zen hau?



Gaztea nintzenean, aitortu behar dut, gazteagoa ematen nuela oraindik; txikitxoa nintzen. Esango nuke 13 urterekin hasi nintzela punka entzuten, badakizu: Eskorbuto, Cicatriz edo beste EHko talde mitikoak. Gero, nire aitaren influentziagatik, Ramones, Sex Pistols... Garai horretan eskorbutin janzkera neraman, ile luzeak, amamak moztutako kamiseta, mendiko botak eta dana beltza.



Lehenengo kontzertuak ez ditut ahaztuko, aitarekin RIP, MCD... Garai horretan herritik kaskamotzak ikusten hasi ginen. Des-Kontrolen kontzertu bat aipatzekoa da; momentu horretan, ni baino nagusiagoekin ibiltzen nintzen, 2001 edo 2002an akaso…bertan bai, kaskamotz mordoa ikusi nituen, Bilboko eta beste lekuetako jendea zegoen. Beste energia bat sentitu nuen, beste jarrera bat, eragin asko handia zuen gure gain. Hortik aurrera Oi! The Arrase, Des-Kontrol, Suburban Rebels eta holakoak entzuten hasi ginen. Garaiko fanzine asko irakurtzen genituen, ikastolan gure artean partekatzen genituen, eta bertan ikusitako estetika geureganatu genuen.




- Duela urte batzuk ez zeuden gaur egun dauden erraztasunak arropa lortzeko, zeintzuk ziren zoratzen zintuzten markak edo arropak eta nola lortzen zenituen?



Lehenengo Dr. Martensak, altzairuzko puntadunak, Getxon erosi nituen, Brixton denda zegoenean. 14 edo 15 urte nituela, Dr Rude denda zegoen Arrasaten, kaskamotz itxurako markak eta arropak aurki genitzakeen bertan: Lonsdale, Ben Sherman, botak, bonberrak…Aurrerago estiloa aldatu zuten. Alboko herrian, Bergaran, Brighton denda, ere bageneukan. Askotan, guretzako plan ezin hobeagoa zen Bilbora autobusa hartzea, Street Warriors, Colinasen denda bisita bat egin eta gero Getxora joatea. Hau zen Euskal Herrian 2000. urtearen hasieran aurki genezakeena.




- Talde historiko ugari ikusi dituzula ziur gaude, baina zein izan da festibal edo kontzerturik zoroena? Anekdota bereziren bat?



Zaila bat esatea, Kontzertuak asko izan baitira. Baina bat aukeratu behar badut, 2007an Cock Sparrer lehenengo aldiz ikusi nuenean Wolverhamptonen, Here We Stand aurkeztu zuten eta denbora bat zeramaten jo gabe. Guztia izan zen: gazteak ginen, Londresera egin genuen bidaia. Kontzertua Slaughter and The Dogs eta Deadlinekin batera izan zen. Cock Sparrer akaso 15 aldiz ikusi dut, baina bereziena hori izan zen.

Cockney Rejectsek Elorrixon ere badauka bere anekdota, 15 urte nituen eta eszenariora igo nintzen Police Car abestera.



- Agressive Combat zure proiekturik maitatuena dela esan digu txoritxo batek, zein testuingurutan sortu zenuten taldea?



Azken finean taldea baino, familia bat gara, Mara eta Nevado niretzat anaiak dira. Zure lehenengo neska-laguna bezala, karkarkar, ez dakit nola definitu. Denbora hartan herriko Crew bakoitzak bere taldea zeukan. Gu mitikoen ondoren sortu ginen, aurretik Zakarrak, Iskanbila, Des-Kontrol, Arkada Social…



Nire kasuan, etxean kultura musikal handia egon da beti, beraz, ni oso gaztetatik hasi nintzen baxua jotzen. Ez da arraroa taldeko bakoitza bere kabuz proiektu baten atzean egotea, eta azkenean, indarrak batu genituen Agressive sortzeko.


- 5 abestiz osatutako EPa atera zenuten pasa den urtean, zer esan nahi diozue publikoari lan berri honekin?



Publikoarentzat baino, guretzako egin dugu disko hau, taldeko kide bakoitzak egoera ezberdinak pairatu ditu azken urteotan. Pandemiak guri ondo egin zigun, gutxiago ikusten genuen elkar eta honek denbora gehiago eman zigun lokalean entseatzeko, lokalak ez dira sekula itxi pandemian. Printzipioz ez geneukan diskorik ateratzeko asmorik. Zerbait berria atera nahi izan genuen, batez ere zuzenetarako, baina orokorrean guretzat sortutako diskoa da.



- Ibilbide motza izan zuen Hawkins Thugs taldean ere jo zenuen eta gaur egun Irmon ahotsa jartzen duzu. Zer kontatzen diguzu hauei buruz?



Hawkins Thugs 2013an sortu genuen, lehen aldia izan zen Parisera nindoala, Unamunorekin, Carloterekin eta Iñakirekin batera. Bertako eszena ikusi eta horrelako zerbait egin nahi genuen. Entseatzen hasi, ginen, Hodei fitxatu genuen eta Demo bat grabatu genuen, guk geuk egin genituen kopiak. Winter Festen Contra Recordseko jabearekin egon ginen eta single bat ateratzeko gonbita egin zigun. Erraza izan zen ibilbidea, kontaktu onak genituen. Baina bertan geratu zen, atera genuen ondorengoa Legez Kanpo izan zen, zerbait Punk Hardcoreagoa izango zena, ez zuen arrakasta gehiegirik izan; gaur egun dagoen eszenan akaso bai.



Agressive Combat oso aktibo ez zegoenean ere Irmo sortu genuen, izan ere, zerbait egiteko gogoa izaten dut beti, ezin naiz geldirik egon. Nik jarri nuen ahotsa, eta besteek bezala, bere amaiera izan du.




- Sid Tattoo, tatuaje tradizionala lantzen duen artista zara, nondik datorkizu hau? Honek Parisera bizitzera eraman zaitu, bertan zaude finkatuta gaur egun nahiz eta noizean behin hona etortzen zaren tatuatzera eta entseatzera. “Dios los cria y ellos se juntan”, nolakoa da kaskamotz eszena bertan?



Gaztetatik gustatu izan zaizkit tatuajeak. Gogoratzen dut Arrasaten, 360 Aretoan, kontzertu asko egiten zirela eta hilero kanpoko talde ezberdinak ekartzen zituztela. Estatu Batuetako eta Ingalaterrako taldeak ziren batzuk, eta hemen eramaten ez ziren tatuajeak zeramatzaten.



Batxillergo artistikoa egin nuen eta beti marraztu izan dut. Fabrikan hasi nintzen lanean, baina hori nire lekua ez zela azkar ohartu nintzen. Arrasateko tatuatzaile batek lagundu ninduen hasten, nire lehenengo makina erosi eta etxetik pasa ziren lagun batzuk, bere azala utzi zidaten txapuzaren bat edo beste egiteko, karkarkar. Gero Raijin Tattoo estudioan sartu nintzen ikasle moduan. Estilo tradizionala aurrerago ezagutu nuen, hasieran ez nuen oso argi zer nuen gustuko, nik ere nahasketa galanta daramat soinean.



Pariseko eszena asko gustatzen zait, jendea oso konprometitua da, baina hiriburu handi bat izateko, ez dago hainbeste mugimendu. Dudarik gabe, eszena benetakoa da, baina zoritxarrez gutxi dira gauza asko egiten dituztenak. Zorrotzak dira, “hiri-tribu” baten (horrela deitzearren) esentzia mantentzen dute.




- Gaur egun ematen du euskal eszenak berpizkunde bat izan duela, batez ere hardcorea eta doinu azkarrak lantzen dituzten taldeei esker, eszena frantsesarekin zer ikusia duela esan dezakegu, ez?



Nire ustez, pizkundea egon da, baina ez kaskamotz mugimenduari dagokionez, bai ordea underground edo talde alternatiboen artean. Punk alternatibo hori Euskal Herriko gaztetxeetan ikusten ari da, eta hori gustuko dut.

Iradokizunak

Ez daude iradokeizunak

Idatzi

Igandea Astelehena Asteartea Asteazkena Osteguna Ostirala Larunbata Urtarrila Otsaila Martxoa Apirila Maiatza Ekaina Uztaila Abuztua Iraila Urria Azaroa Abendua