TATXERS ELKARRIZKETA
- Tatxers izenak berak asko esaten digun zerbait da. Zuen akordeak entzutean britainiar doinuak etortzen zaizkigu burura, Euskal Herrian ohikoena ez dena. Nondik atera zarete?
Gu Iruñako talde bat gara, 2018an elkartzen hasi zena. Taldeari hasiera emateko oinarri britaniarrak hartu genituen eta The Movement edo Stiff Little Fingers taldeek bezala Oi! musikarekin elkartu. Denborak aurrera egin ahala, influentziak zabaldu genituen; post-punka, mod musika... Azken horren nahasketa da "Hiruzpalau amets larri" EPa. Hala ere, hori baino lehen "Garaipen kutrea" diska atera genuen 2020aren hasieran.
- Hiru kideko banda zarete eta oholtza gainean zailagoa da energia edo jarrera hori transmititzea, zer dela eta zuek hirurak? Nola ezagutu zenuten elkar?
Salinas eta Martin kuadrillakoak gara, aspalditik ezagutzen dugu elkar eta aurretik beste proiektu musikalak geneuzkan. Soria Iruñako musika eszenan egon da aspalditik eta horregatik ezagutzen genuen, orduan berak talderik ez zeukan momentu batean proposatu genion talde hau egitea. Oholtzari dagokionez, hiru izanda, soinu aldetik betetzen saiatzen gara, abestiak hutsik ez daudela sentiarazi nahi dugu eta konposatzeko orduan, zuzenekoetan pentsatzen dugu.
Tatxers zuzenean,
- Saliren ahotsak eta abesteko moduak askori Hertzainak talde mitikoaren Garirena gogorarazten digu. Norbaitek esan al dizue hau? Zein iritzi daukazue honi buruz?
Zaila da 80. hamarkadako musikaren erreferentzia ez izatea, legatu asko utzi du euskal musikan, gehiegi agian, ordutik musikan berritzea asko kostatu delako, eta punkak musika undergrounda asko hegemonizatu du. Hala ere, horrek bere alde onak ditu, gaur arte garaiko musika iristeak Euskal Herriko musikan influentzia ugari izatea dakar, horietako bat Hertzainak, adibidez, baina gehiago daude: Zarama, Itoiz Edo Delirium Tremens bezala.
- Zuen azkenengo EPak, 4 abestiz gozatzeko aukera ematen digunak, zuen gaitasuna eta estilo propioa erakusten du dudarik gabe. Goizean Oskorri edo Urte Kontua ditugu bertako bi kantu eta Youtuben ikusgai dauden bi bideoklip dotore. Azkenean animatu zarete abestiak Spotifyra igotzen. Zer dela eta orain eta ez lehenago?
Pereza kontua izan da bereziki, Spoty musika plataforma bezala oso deserosoa da, enpresa bitartekari asko daude musika igotzeaz benefizioa atzeratzen dutenak, eta musikariei ez zaie dirurik iristen. Hala ere, onartu behar da gaur egun musika asko entzuten dela hor, orduan derrigortuta ikusi dugu geure burua hori egitera.
- Diskak atera dituzue, baita biniloan ere; nolakoa izan da jendearen erantzuna?
Ezin hobea, inoiz ez dugu izan horrelako erantzuna eta oraindik asimilatzen ari gara. Jende askok idatzi digu biniloa eskuratzeko eta bukatu zaizkigu. Zuzenekoetan kriston giroa aurkitu dugu, beraz, gu inoiz baino alaiago!
- Estilo edo genero ezberdinetan inspirazioa aurkitu duzuela argi dago, baina zeintzuk dira zuentzat erreferenteak?
Nahiko frikiak izan gara beti punk, Oi!, post-punk, mod edo horrelako estiloetan. The Cliches, Stiff Little Fingers, Camera Silens, Blitz, Skin Deep, The Burial… geneuzkan erreferentetzat hasieran. Denbora pasa ahala gaur egungo Frantziako talde ugari entzuten egon gara, Condor, Syndrome 81, Douche Froide… horretaz aparte, reggae musikatik edo edonondik atzeratzen ditugu, egunaren arabera.
- Nola bizi duzue artistentzako hain zaila izaten ari den pandemia hau?
Ba ahal den bezala, egia esan. Guk zorte asko izan dugula uste dugu, hala ere, gaur egungo kontzertu bat anti-kontzertua dela ematen du. Duela gutxi Lapurditik egon ginen eta beti bezalako kontzertu bat izan genuen, eta esan dezakegun bakarra da jendea zutik egotearena behar bat dela. Kontu honekin optimistak gara hala ere, eta hau bukatzen denean sekulakoak prestatzeko prest egongo gara, inoiz baino indar gehiagorekin.
- Kaosa Euskal Herrian proiektuan parte hartu zenuten eta bertan zuen aztarna utzi zenuten, zer iritzi duzue honelako dinamikei buruz?
Gure ustez, kaskamotz mugimendua sendontzen duten mobida hauek beti aberasgarriak dira. Horrelako proiektuak dira taldeen arteko harremana sendotzeko aukera eman dezaketena. Hala ere, hau ez da nahikoa, kontzertuak antolatzea ezinbestekoa da taldeen arteko harremanak gehiago sendotzeko. Bestetik, baldintza berdineko estilo ezberdinetako taldeen arteko loturak beharrezkoak dira; bide onean gabiltza.
- Chill Mafiakoekin harreman estua daukazuela esan digu txoritxo batek, Salik beraien abesti batean botatzen ditu bere “barrak”. Zer iruditzen zaizue eszena hau, bai euskalduna, bai Euskal Herritik kanpo datorrena?
Hala da, betidanik ezagutzen dugu elkar eta Iruñako musika giroan ibili gara. Aurreko udan haiekin hitz egiten bururatu zitzaigun abesti bat egitea, hasieran ez genekien ezta mixtape batentzat zela ere. Orduan Kilikiren etxera joan, Zirizak gitarraz base bat egin eta Salinasek barrak bota zituen.
Eszenari dagokionez, normala da gaur egun musika hau nabarmentzea, azken finean merke egin daitekeen zerbait da eta ez du behar sekulako jakintza, bere garaian punka izan zen bezala. Aberasgarria iruditzen zaigu estilo ezberdineko taldeen arteko harremana sortzea.
- Zein sorpresa dakartzazue urtearen amaierarako?
Sorpresatxo bat egon daiteke bai, baino esandakoa, sorpresa bat da eta espero dugu zuen gustukoa izatea.
Salinas baxua jotzen.
- Estetikaz hitz egin dezagun, zuen itxurak batzuetan 80. hamarkadakoa ematen du, eta Oi! talde mitikoen kamisetak eramatea ere gustuko duzue. Nolakoa dela uste duzue zuen estiloa? Zein garrantzi dauka estetikak zuentzako? Azpikulturaren batekin bat al zatozte?
Ba egia esan ez dugu horretaz gehiegi hitz egin gure artean edo ez dugu ezer adostu. Gure artean ezberdinak gara kontu horrekin, baina entzuten dugun talde kaskamotz edo gure ingurukoen ispilua gara gure ustez, monkey boots batzuentzako dirurik ez oraindik. Bideoklipetan "giño" batzuk sartu ditugu, eta Hertzainak edo Tijuana In Blue taldeek zuten jarrera hori hartzen saiatu gara, hau da, bideoa egitea kalderete bat egiteko aitzakiarekin.
- Gure blogetik eskerrak eman nahi dizkizuegu elkarrizketara animatzeagatik. Zuen kantekin gozatzen espero dezagun, eta ea behingoz kontzertu arrunt batean ikusten dugun elkar. Hemendik aurrera nahi duzuena gehitzeko askatasun osoa duzue.
Mila esker zuei gonbitea luzatzeagatik, plazerra izan da. Eta zuek esan bezala, espero dugu gutxi barru kontzertu normal batean elkar ikustea. Etorkizun oparoa opa diogu zuek bezala musika inguratzen duten esparru orori Euskal Herrian. Ondo segi!
Iradokizunak
Ez daude iradokeizunak
Idatzi