SCHRÖDINGERREN OASIA
2002ko uztailaren 24an, Oasis taldeak kontzertua amaitu zuen Vigoko Castrelos parkean, The Whoren omenez My Generation kantaren bertsioa eginez, publiko sinesgaitz baten aurrean. Sinesgaitza, Gallagher anaiek Wonderwall ereserkia jotzea ahaztu zutelako. Hala, entzuleak etxera joan ziren taldearen arrakasta nagusienetariko bat entzun gabe, zuzenean behintzat. Izan ere, kontzertuaren amaieran taldeak bartuloak jasotzen zituen bitartean entzun zen bafleetatik. Dena oso Gallagher.
Informazio hori guztia gurasoek gogoratzen dutelako dakit nik. Han egon ziren. Hala ere, ez batak ez besteak, ez du gogoratzen ni bertan egon ote nintzen. Garai hartan 6 urte nituen. Uztailaren 24 hartan gertatu zenari buruzko hainbat bertsio daude: aitak dio Castreloseko belardian lo seko geratu nintzela ikusleek Gallagher anaiez gozatzen zuten zituzten bitartean; amak, berriz, kontzertua basatiegia zela 6 urteko haur batentzat, eta gau hartan amonarekin geratu nintzela etxean. Eta nik… Nik ez dut ezer oroitzen.
Zenbait urte geroago, Angelek (lagun bat, kontzertu hartako antolakuntzako kidea) kontzertu horren rider teknikoa oparitu zidan. Oasisen zigilu ofizialarekin. Baina nik ez dut dakit joan nintzen. Imajina dezakezue zer den ez jakitea zuen talde kuttuna ikusi duzuen ala ez? Schrödingerren Oasia, dena oso Gallagher.
Banda hau inguratzen duen aurari katua eta kutxaren esperimentuaren kiratsa dario, zeinetan ez dakizun katua bera bizirik edo hilda dagoen, edo biak aldi berean.
2009ko zorigaiztoko egun hartan, Parisen, Liamen Pretty Green arropa-markaren promozioari buruko eztabaida batek eragin zuen denok espero genuena: borroka fisiko batengatik bertan behera geratu zen Rock en Seine festibalean eman behar zuten kontzertua. Bertako antolatzaileek berri lazgarria eman zieten bertaratutakoei, eta Noelek taldeari buruz esandakoak ere gehitu zituzten: «jada ez da existitzen». Katutxoa hilda zegoen.
Kontua da denok sumatu genezakeela emaitza hori. Haien lehen albumetik, Definitely Maybe, “definitiboki beharbada” (kutxa barruan dagoen katuaren egoera bezala) anaien arteko harremana kolokan jarri zuten euren egoen etengabeko borrokek, bandarekiko ikuspegi musikal eta komertziak ezberdinek, drogek eta garagardo pintek ureztatutako kontrolik gabeko gauek, zeintzuetan anaiak desagertu, borrokatu eta kontzertuak bertan behera uzten zituzten.
Joan den abuztuaren 24an, Oasisen zale guztiok albiste izugarri batekin esnatu ginen: 15 urteko zismaren ostean, Liam Reading Festivaleko agertokira atera zen Half the World Away abestera, eta, tonu barregarrian, anaiari eskaini zion abestia. Nola ez, sareak lehertu ziren. Ziurgabetasuna izan zen nagusi. Schrodingerren Oasia. Itzuliko dira?
Egun batzuk geroago, zurrumurruak baieztatu ziren. Mezu kriptiko batek Oasis, Liam eta Noelen sare sozialak munduaren erdigunean jarri zituen. Data bat, ordu bat: dena ziurgabetasuna.
The Sun egunkariko berria erabatekoa izan zen. Ezaugarritzen dituen kirats amarillista horrekin, portada osoko titularra: “DEFINITELY NO MAYBES” eta ondoan Gallagher anaien argazki bat, 1993ko euren bikotzeko Manchester City taldearen jantziak soinean.
Orain bai: zalantza izpirik gabe, kutxa ireki da eta katua bizirik dago. Eta horrekin guztiarekin batera, taldea ikusi ahal izateko nire itxaropena.
2024ko abuztuaren 27an, Oasisek Cardiff, Manchester, Edinburgo, Dublin eta Londres hirien artean banatutako 14 datarekin berriz elkartuko dela iragarri du. BBCk, berria erreginaren mezu bat balitz bezala, bere emisio guztiak geldiarazi ditu data horiek zuzenean iragartzeko. Gainbeheran dagoen Ingalaterra, beti bezala ziurgabe, gelditu egiten da.
Oasis beti izan da kaxako katua bezalakoa; are gehiago, askotan, dinamika hori beraiek eragin dute. Sare sozialetako eszeptiko askoren arabera, lehen kontzertua da erosteko segurua den bakarra; izan ere, anaiak berriz borrokatuko direlako eta dena bertan behera utziko dutelako zalantza benetako aukera da. Ez litzateke lehen aldia izango.
Ez dakigu zenbat sarrera jarriko diren salgai, ez horien prezioa, ez zenbatean agortuko diren. Hauxe da argi daukagun bakarra: urte hauetan guztietan katua bizirik mantendu dugunok ilara birtual horretan egongo gara.
2027ko atentatu terroristako hildakoei Manchesterrek antolatutako hileta herrikoian Don’t Look Back in Anger kantatu zuen emakumea. Zu, gitarran ikasi zenuen lehenengo abestia Wonderwall izan zelako, zejilla bigarren trastean jarriz. Noizbait etxera mozkor itzuli den 70 urteko gizona, besoak gora Rock and Roll Star abestu bitartean.
Azken batean, horrelakoxeak gara katua bizirik mantentzen dugunok. Ezjakintasunak janda gaude, eta sarrera bat erosteko Cofidisen mailegu bat eskatzea edo autoa saltzea aukera oso posiblea da oraintxe bertan. Boca Juniorseko ume hura datorkit orain burura: bere aitarekin Brasilera joaten dena Copa Libertadoresen finala ikustera, autoa eta etxea jokoan jarriz zorpetuta. Gauza bera da, guk ere oraingoan hitzordu moral bat dugu historiarekin. Schrödingerri katua bizirik dagoela esateko zita. Dena oso Gallagher.
Cardiffen, Edimburgon, Manchesterren, Londresen edo Dublinen ikusiko dugu elkar. Kutxa irekitzen den edozein tokitan ikusiko dugu elkar.
FUCKING BIBLICAL!
PD: Ez da gauza bera Blur entzun eta Oasis maitatzea, Einstein irakurtzea eta Schrödinger maitatzea gauza bera ez den bezala.
Iradokizunak
Ez daude iradokeizunak
Idatzi